Koro Etxeberria Aranburu
EUSTATek kaleratu berri dituen 2016ko datuen arabera, biztanle gehien jaitsi duen herria, Hernani omen da. Beno, herritar askoren aspaldiko komentarioa da. Zerbait gertatzen ari dela, argi dago. Jende asko etorri, baina hemengoek alde egin. Hona hemen kasu bat:
Hernaniar batek, 9-10 urte kanpoan pasa eta gero, lehengo urtean, herrira itzultzea erabaki omen zuen, hemen gelditzeko asmotan. Etxe bat bilatzen zuen bitartean, lagun baten etxean gelditu omen zen, lasai, inongo presarik gabe... Baina tarte horretan, zenbait gauzataz jabetzen joan zen: herriko giroaz, jendearen aldaketaz, gauetako seguridade faltaz, hirigintzaren gehiegikeriaz eta abar.
Gainera, ez zuen ulertzen dena batukadaz ospatu beharra, ezta ikastetxe bateko Olentzeroa ere, batukadarekin ateratzea. Edota umeak entretenitzeko runbak eta runbak antolatu behar hori, Riky Martinen «una mordidita en tu boquita» edo «la gosadera» musikarekin. Zarata, zikinkeria... Herri zatar bat aurkitu omen zuen, esan zigun berak. Aurrean zegoen batek zera esan zion: «ez zara horrela pentsatzen duen bakarra, eta gure herrian arrotz sentitzen dena». Hor dago gakoa! Herritar asko eta asko, arrotz sentitzen dela bere herrian. Bizi kalitatea erruz jaitsi da Hernanin, eta ez dator bat ordaintzen ditugun zergekin. Hori dena ikusirik, Hernanin ez gelditzea erabaki du. Tristea benetan!
Agian, hernaniarrei galdetzeko garaia heldu da: Nolako herria nahi dugu? Zenbat biztanleko herria? Zergatik hogei milara iritsi behar? Zergatik hainbeste eraikin berri herrian, populazio jaitsiera baldin badago? Badugu zenbait gai aztertzeko.