«No son ignorantes, son malos»

Erabiltzailearen aurpegia Jexux Eizagirre Portillo 2017ko aza. 14a, 01:00

Bilbon, azaroaren 4an, manifestazioan, elkarrekin egin genuen bidea, lagun zahar batek eta biok (kaixo Mikel). Euria zarra-zarra, bide guztian, atertu gabe. Biok guardasol handi baten aterpean. La Casilla irteeratik hasi eta Udaletxeraino, ordu eta erdiz, elkarrekin hitz egiteko monotema: Kata­lunia gora eta Katalunia behera, atertu gabe.
Bukatu da manifestazioa, bukatu dira diskurtsoak, atertu du, joan gara taberna batera, zerbezaz hidratatzeko eta pixa erreka botatzeko, eta hor jarraitzen dugu gure monotemarekin: Katalunia gora eta Katalunia behera, atertu gabe. Taberna, lepo, manifestazioko jendearekin. Barran, bezeroen kontzentrazioa. Oihu errepikatuena: «zurito bat eta tortilla pintxo bat». Komuna zaintzen, ilara luze bat, autobus paradakoa baino luzeagoa. Telebistan, Altuna eta Olaizola azken tantoak jokatzen. Barra atzean, 5 zerbitzari (tartean nagusia), hara eta hona, bezeroen aldarrikapenak ase ezinik. Kaos hartan, lagun zaharrak eta biok segi eta segi gure monoteman: Katalunia gora, eta Katalunia behera, atertu gabe. 
Halako batean, nagusiak, barra atzean ari zela, hor eman dio tregua bere lanari. Eta hemen non esaten digun bioi:«perdonen dos minutos». Bion pentsamendua: «orain zer ote du honek?». Eta segidan, «Yo estudié en Deusto con Mario Conde y con todos estos del PP. Teníamos una asignatura de Derecho Internacional. Y el libro de texto era del Padre Obieta que habla del Derecho de Autodeterminación de los Pueblos. Había que aprenderlo para aprobar la asignatura. Y todos esos la aprobaron. Esos no son ignorantes. Son malos». Eta jarraitu egin zuen bere lanean, barra atzean. Orduantxe, Altunak 22garrena egin zuen. Jen­deak, txaloak Altunari. Nik tabernariari joko nizkioke. Merezi zuen Hernanitik Bilbora joateak, taberna hartan sartzeko.

«Horiek ez dira ezjakinak
Baizikan eta zikinak
Tabernariak garbi utzi zitun 
Jende horren izkinak». 


 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!