Bizilagunak proiektuak kultura nahiz herrialde ezberdinetako familien arteko lotura bermatzea du helburu.
Otorduak elkarbanatzeaz haratago doa SOS Arrazakeriaren baitan Bizilagunak izenez ezaguna den proiektua. Zertan datza ordea? Euskal Herriko familien eta Euskal Herrian bizi diren familia etorkinen arteko bilkura gauzatzen da, beti ere mahainguru batek eta janariak lagundurik. Asko gonbidatuak izango dira, eta noski, bai eta gonbidatzaileak ere. Beraz, aurten ere ekimena ez da atzean geratu, eta azaroaren 19an izango dute aukera ehunka familiek elkarrekin biltzeko.
Asko dira urtero parte hartu izan dutenak; eta horietako bat dugu Eli Garmendia hernaniarra. Berak dionaren arabera, egun oso polita izaten da, «esperientziak nahiz kultura ezberdinak ikusaraztea eta trukatzea zoragarria da». Mohamed eta Fatimeturen etxera gonbidatuak izan ziren Eliren senarra eta Eli bera. Hauek ere Hernanin bizi dira eta jatorriz marokoarrak dira. Ez zutela horrelako harrerarik espero dio berak: «Esku zabalik ireki zizkiguten etxeko ateak. Beraien herrialdeko jakiak dastatzeko aukera izan genuen, eta era berean hona zerrek ekarrarazi zituzten zertxobait gehiago jakiteko».
Elik argi utzi duen bezala, janaria ez da elkarbanatzen duten gauza bakarra; izan ere, tradizioak, bizipenak, kultura, sinesmenak, hizkuntzak, borrokak, etab. dira mahaingurua ateratzen diren gaietako asko. Elik dionez, ez da zaila familien arteko hartu-emana sortzea: «Beste familiaren etxera gerturatu aurretik, sortzen dira halako zalantzak; zelako jendea izango den, irekiak izango diren, etab. Baina bazkaria aurrera doan heinean jabetzen zara dena nahigabe ateratzen dela eta ez dagoela inongo oztoporik. Gainera, etxe guztietan egoten da dinamizatzaile lanak egiten dituen pertsona bat. Beraz, bitartekari lanak egiten dituen pertsona hori oso garrantzitsua izateaz gain, gauzak asko errazten dituela esan daiteke».
SOS Arrazakeriak sustaturiko honako proiektuan parte hartzen duen Ane Balerdi boluntarioak dio izen-emate kopurua igotzen ari dela, eta hori erabat positibotzat jotzen du berak: «Azken batean, sortzaile izan eta jendarteari gustatzen zaion horretan pausatu behar duzu arreta; izan ere, euskal kulturan asko gustatzen zaigu jatea, eta nola ez, bai eta hitz egitea ere. Aurreiritzi horiek albo batera utzi eta kanpotar etiketazio horrekin amaitu behar dugu».
Informazio guztia eskuragarri izango da webgune honetan: www.mugak.eu. Kontakturako telefonoei dagokionez: 943 33 60 71 edota 667 710 928 (AMHER).
Olaia Uzkudun Askara