Bizpahiru hilabete falta dira A3 Autobusa Astigartarroi kendu zigutela 2. urte aurrenerako. Badirudi hau ospatzeko Foru Aldundiak (PNV-PSOE) murrizketaren bidetik jo nahi duela eta egun dugun autobus zerbitzua %30ean murriztu. Egia da ere, Astigarragako herritarrak nolabaiteko erreakzioa izan dugula eta firma jasoketa bati ekin geniola…
Non dago Udal Gobernua? Non dago Astigarragako Alkatea? Non dago garraioaren ardura duen Zinegotzia? Ez ahal digute herritarroi datorrenari buruzko informaziorik eman behar? Zer pentsatzen dute murrizketa hauetaz? Ados ahal daude murrizketa hauekin? Kontra? Zerbait egin duzue? Egin baduzue, zer? Zerbait egingo duzue? Egingo baduzue, zer? Inguruko herrietako Udalak, Alkateak, Zinegotziak… entzun eta irakurri ditut irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan… murrizketen aurrean posizioa hartzen, kontra hitz egiten eta hauei aurre egiteko proposamenak egiten.
Astigarragan zer? Berriro isilik? A3arekin egin zenutena egin behar duzue? Berriro ere Aldundiaren alde egin behar duzue? Aldundiari babesa emango diozue Astigarragako herritarren kaltetan?
A3arekin 1500dik gora sinadura bildu genituen epe luze bat zela medio, oraingoan ere badakit jaso den sinadura kopurua oso garrantzitsua dela, nahiz jasotzeko epea murritza izan zen hasera batean. Argi dago, herritarron gehiengo oso zabal bat murrizketa horien aurka dago. Indar hau aprobetxatuz, gauza asko egin daitezkelakoan nago. Hasteko Udalean bat egin murrizketen aurka eta ondoren herritarrekin diseinatu egin beharrekoak, dugun garraio pulikoaren defentsan eta hau hobetzearen alde. Berandu baino lehen ekin behar diogulakoan nago. Animo. Ekin ezean, «Gero eta gutxiago, gehiago» izango ditugu, seguru.
Joxi Uranga Pereira
Garraio Publikoaren
erabiltzailea