Nortzuk dira?

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gorrotxategi Zigaran 2017ko urr. 11a, 02:00

Azaroaren 19an ospatuko da AMHERek antolatzen duen BIZILAGUNAK ekitaldiaren 6. Edizioa.
Zer esan nahi du Afrika, Amerika edo Asian jaio, Euskal Herrian familia sortu eta Hernanin bizi diren per­tsonei gure etxeko atea zabaltzeak otordua parteka­tzeko?
Sorterria utzi, familia eta lagunak utzi, ezezaguna den abentura bat abian jarri, arrisku eta egoera larriak gainditu eta gure herriraino etortzea gutako askok imajinatu ere ezin dugun zerbait da. Halere, etorkinen abentura ez da hor amaitzen. Pauso hori jarraipena eska­tzen duen lehen pausoa besterik ez da. Beharrezkoa dudarik gabe, ez nahikoa, ordea.
Etortzea eta iristea gauza ezberdinak dira. Ez dut uste, inolaz ere, etorkinen abenturaren helburuak  biziraupena lortzearekin betetzen direnik. Pertsonez ari gara, hau da, norbere izaera gara­tzeko gizarteratzea ezinbestekoa duen gizaki eboluzionatuez, oxigenorik gabe zi­mel­­tzera kondenatuta leudekeen gizaki sentikor eta arra­zoidunez.
Beraz, biziraupen mailatik harago, ‘saretuak’, gizarteratuak bizi ahal izateko bidea errazten diegu, gure lurrera etortzeaz gain, gure gizartera iristeko laguntza eskaintzen diegu, etorkinak izatetik bizilagunak izateko gonbita luzatzen diegu gure etxeko atea zabaltzen diegun haur, emakume eta gizonei.
Aldi berean, bizi duten – eta gutako askorentzat ezezaguna den- errealitate per­tsonala, soziala eta ekonomikoa deskubritzeko parada izango dugu. Eta baita gure memoria kolektiboan jasotako irakaspen pare bat esna­tzeko ere: historian zehar ez direla gutxi euskaldun deserriratuak, eta ez dakizkigula geroak gurekiko dituen intentzioak.
Edozein dela ere bakoitzaren pentsamolde ideologikoa, erlijioa ala filosofia, oro har onartzen da (Europa instituzionalizatuan salbu) etor­kinen gaia  giza eskubideen ar­loan sartzen dela. Beste kontu bat dira praktikan mantentzen ditugun portaerak. Kosta egiten zaigu –azaleko kulturaniztasunetik be­ne­tako gizarte inter-kulturalerako bidean- iner­tziapeko ohiturak aldatzea.
Bai, badakigu nondik datozen, baina… nortzuk dira?
Animatzen bazara, hona AMHERen  tel. 943 33 60 71
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!