Gazte mugimendu zabal eta anitza betiko errealitatea izan da Hernanin. Gaur egun ere, bizi dugun gazte problematikaren aurrean antolatutako gazteak asko gara, eta azken hilabeteetan heldu zaien ildo desberdinen lanketek argi uzten dute lana handia izateaz gain, gazteok borrokarako prest gaudela. Aurtengo ikasturtean, bizi dugun errealitateari aurre egiteko era desberdinak jarri ditugu mahai-gainean, eta gaurdanik gure herria eraikitzera bidean lanean jarriak gara. Halere, gazte mugimenduaren baitan sortu diren eragile ezberdinen arteko elkarrekintza eta kohesio falta nabaria izan dugu. Hori konpontzeko proposamena izan da gazte eragile guztiak bilduko dituen Koordinadora sortzea.
Koordinadora honen helburu nagusia, gazte problematika eragiten duen sistema kapitalista-patriarkala iraultzea da, eta horretarako, gazte izateagatik jasaten dugun gazte problematikaren ikuspegi orokorra barnebiltzea, problematika hori alor desberdinetan lantzen duten eragileak elkartuz.
Koordinadora zabal eta irekia osatu dugu, eragile bakoitzaren autonomia osoa errespetatu eta elkar elikatzen duena. Bilera guztiak irekiak dira eta kudeaketaren ardura txandakatuz joaten gara. Edonork parte hartzeko aukera dauka, eta beraz, gazte mugimenduko eragile eta gazte orori gonbidapena luzatzen diegu guztion jardunak koordinatu eta bide berean borroka egin dezagun.
Hilabete hauetako lanaren ostean, Urriaren 14ean Gazte Eguna ospatuko dugu Hernanin “Sagarrari koxk!” lelopean. Badira urte dexente azken aldiz gazte eguna antolatu zela gure herrian, eta uste dugu badela garaia Gazte Mugimenduaren espresio ezberdinak kalean batu eta etsaiari hilda ez gaudela erakusteko, hau da, behingoz sagarrari koxk! egiteko. Festaz gain, eguna aldarrikapenez eta edukiz beteko dugu, eta beraz, gonbidapena luzatzen dizuegu Hernaniar guztiei parte hartu dezazuen.
Gaurkoz, Hernaniko Gazte Mugimenduaren Koordinadoraren parte garenon izenean: Kanika, Hernaniko Langileon Babes Sarea, Sutu, Ernai, Urrunegi, Denak Ala Inor Ez, Kontrakantxa gaztetxea, Kritikherri, Gazte bizilagunak, Hitzarrik euskara taldea, Ikasle Abertzaleak.
Gora Hernaniko Gazte Mugimendua!