Igande honetan Kontxan ‘Erraustegirik Ez!’

Erabiltzailearen aurpegia Kontxi Aldanondo Aranburu Hernanin Zero Zabor 2017ko ira. 8a, 02:00

Datorren igandean, Kontxako bandera erabakitzeko estropadetan, 11:30etatik aurrera giza katean egongo gara hondar­tzan Zubietako munstroa gelditzeko ahaleginean, Erraus­ketaren Aurkako Mugimen­duak eta beste talde politiko, sindikal eta gizarte mugimenduk deituta.

Aurten egoera berri baten aurrean aurkitzen gara: Zubie­tako erraustegiaren obrak ha­si­ak dira. Hala ere gure borrokak aurrera darrai, ez dugu etsitzeko asmorik eta gerta­tzen dena gertatzen dela ere, hiri hondakinen errausketaren aurka jarraituko dugu. PNV, PSOE eta PPko politiko errausketazaleen eta inplikatuta dauden enpresen interesak salatzen jarraituko dugu eta modu guztietako oztopoak jartzen saiatuko gara.
Alternatiba hobea, garbiagoa eta merkeagoa badela esaten dugu eta gure herrian bertan gara horren lekuko, Her­nanin urte asko baitaramagu hondakinak askoz hobeto ku­de­atzen Atez Ateko bilketarekin, organikoarekin konposta banaka edo taldeka eginez, eta abar. Horregatik, ez dugu onartu behar Zubietan eraiki nahi duten alferrikako erraustegi hori, osasunarentzako, ekonomiarentzako, Ama Lu­rra­ren­tzako eta baita enpleguarentzako kaltegarria delako batetik, eta Gipuzkoako eta Europako hainbeste lekutan erakutsi dugunez alternatiba hobea badagoelako.
Igandean hernaniarrok ere deituta gaude Kontxako giza-katera, ozen esatera ez dugula onartuko erraustegi kriminal hori, ez gure etxe ondoan eta ez inon. Animo denok!

Kontxi Aldanondo Aranburu
Hernanin Zero Zabor

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!