Bejondeizuela!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Odriozola Amigorena 2017ko ira. 2a, 02:00

Uda amaitzen, eta zuek lanean. Lagunak festarik festa, eta zuek, jo eta su. Oporrak urrun­tzen, eta zuek ‘plisti-plasta’. Orain ari dira kirol talde ezberdinak euren ibilbideen lehen urratsak antolatzen. Zuek, berriz, ziaboga hartu, eta azken paladetan murgilduta zaudete, azken esfor­tzuan, azken txanpan. Zuen denboraldia aspaldi hasi zen, batel eta trainerilen altzoan. Eta ondoren trainerua bizkar gainean hartu eta ureratu zenuten beste egitasmo bati ekiteko. Guztia eman duzue, eta sariak heldu dira: bandera bat (Errenteria), Gipuzkoako ligan dotore, eta bigarren urtez jarraian Kontxan parte hartzeko txartela. Handia lortu duzue!
Entrenamenduak; babak eskuetan; arraunak; olatuak; gerritako mina; ‘nork esan ote zidan niri saltsa honetan sartzeko’, sasi-damua; lagun-taldea; izerdia; poza; hergometroa; ‘malaletxea’; serieak; tostak; haizea…
Talde askok ura –itsasoa- esku-eskura dute, bertatik ber­tara. Etxe aurrean. Gure neskek, ordea, ibaian gora joan behar izan dute entrenatzera; Elorrabira. Edo Pasaiara. Edo Donostiara. Edonora. ‘Lehorrekoak’ gara baina ederki busti zarete.
Datozen bi igandetan, herria ordezkatuz, Kontxak zuen berri izango du. Erne arerioak! Herritarrok bertan izango gara ‘berdezko neskei’ babes guztia emateko. (Andre) ‘Maialen’ trainerua osatzen dutenei –arraunlari, entrenatzaile, laguntzaile…– ez dakit nork ordainduko dien egin duten lan isil guztia, izan ere, Handia lortu duzue!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!