Ricardo Crespo Rubio, PSE-EEko bozeramailea Hernaniko Udalean
Turismo ereduari buruzko Euskadiko udako eztabaidari bueltaka, lehengoan jakin egin nahi izan nuen zer den gustatzen ez dena, eta informazio pixka bat aurkitu dut sare sozialetan.
Gaizki ulertu ez badut, ezker abertzalearen keja da gune eta momentu batzuetan turismoak sortzen duen masifikazioa, bizilagunen bizitza eta elkarbizitza kaltetzen dituena.
Masifikazio honek ez dio gune horietako gizarte zatiari bakarrik eragiten; eragiten die, baita ere, etxebizitzei, lanbideei, ohitura eta identitate galerari, onurak gutxi batzuei bakarrik ekartzen dizkiela esaten dute... Hori guztia bazegoen, EAJrekin batean Euskadiko Turismo Legea onartu zutenean, 2016an.
Desberdintasunak desberdintasun, Hernanin antzeko zerbait bizitzen dugu Txotx denboraldian. Milaka lagunen inbasioak eragina dauka beste hiri batzuetan arriskuan daudela diruditen aipatutako horietan guztietan. Baina, hemen ez?
Inbasio horrek arriskuan jartzen du bizilagunen arteko elkarbizitza, txox denboraldian; Kaxkoak bizitoki gisa izan dezakeen erakargarritasuna txikitzen du; gutxi batzuek jasotzen dituzte onurak (zalantzan jartzen dut, jarduera ekonomikoa ere sortzen baitu: tasa eta zerga bidezko diru-sarrerak eta lanpostuak; eskerrak Udalak prentsa oharren batean onartzen duen aberastasun sortzaile badela); ez dugu orain jarriko zalantzan txotx kulturatik ez dagoela ezertxo ere, ezta? Zalantza egiten dut inbasio horrek eragin positiborik sortzen ote duen Kaxkoko komertzio tradizionaletan; gastu publiko haundiagoa sortzen digu, aparteko gastua eta, hala ere, eskasa, egin behar izaten baitugu festetako masifikazioak eragindako segurtasun eta garbiketa arazoei aurre egin behar izaten diegulako: borroka eta erasoak, bandalismoa, gizalegezkoak ez diren portaerak, errespetu faltak...
Baina Donostian, Gasteizen edota Bilbon gustatzen ez zaigun honek guztiak, Hernanin berdin digu? Kontrola jartzeak ez du zertan negatiboa izan behar. Euskadin, turismoa Barne Produktu Gordinaren (PIB) %6 da, eta Gizarte Segurantzan afiliatutakoen %10,7.