Ostiraleko Kronikan elkarrizketa bat irakurri nuen, Hernani Hizkuntzak Akademiako bi arduradunek erretiroa hartu behar dutela-eta, horren gainean egiten duten balantzeari buruz. Akademia horretara joaten zen ume baten ama naiz, eta nire ‘balantzea’ egin nahi nuke.
Sei urte egin ditu nire semeak hor ikasten, eta lau urte eta erdi zuen atzetik azalpenak eta informazioa eskatzen, baina zuek adierazten duzuen harreman pertsonal hori niri ez zait iritsi; ordaintzeko eta liburu berriak erosteko agiriak besterik ez zaizkit iritsi. Eta gure arteko harreman on horien jarraipen moduan, ekainaren 20an zuetako batekin hitz egin nuen, eta erantzuna izan zen urrian hasiko zela ikasturte berria, eta nire semeak ordutegi bera izaten jarraituko zuela. Ez zaigu iritsi eskutitza, beste batzuei bezala, esanez itxi egingo zenutela, eta ez dakit zeinen errua izan den, baina gauzak beste modu batera egin izanez gero, denak gusturago geratuko ginatekeen.
Bukatzeko, beste akademia batean hartu dute semea, eta han, orain arte non ikasi duen jakin gabe, esan zidatena izan zen ez zitzaiola nabari, eskolaz kanpoko klaseetan izan dela. Nire sentsazioa da nire semeak denbora galdu duela, eta guk, dirua.
Hala ere, honek ez du zerikusirik zuen erretiroa ospatzearekin eta pozik bizi izatearekin.
Olatz Aizpurua Biurrarena,
eta beste hainbat guraso