Hernaniko Gizarte Zerbitzuetako Lehendakariak sinatu duen prentsa oharra irakurri dut, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantziazioaren inguruan, eta baieztatu dezakedan bakarra da ez dituela hernaniarren interesak kontuan hartzen, bere alderdiarenak, Bildurenak baizik.
Idatzi horretan esaten ez dena da 2012an, Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian eta Hernanin gobernuan zela, EAJ-PNVtik Udaleko Plenoan galdetu genuela noiz banatuko zen kudeaketa eta gizarte zerbitzuen kostua, eta Hernaniko Bilduk erantzun zigula sei hilabetetan dena egina egongo zela. Legegintzaldia pasa zen, eta ezer ere ez. Inork irakurri al zuen kritikarik, Hernaniko Bilduk Foru Aldundiko Bilduri egina, ordainduko genituen eta ordaindu ditugun zientoka eta milaka euroak medio?
2008ko abenduan onartu zen gizarte zerbitzuetako legea, arlo honen inguruan erakunde bakoitzaren eskumenak zehazten zituena. Lege horretan adierazten zen Etxeko Laguntza Zerbitzua udalen ardurapekoa izatera pasako zela; hau da, udalak izango direla zerbitzuaren kostu guztia ordaindu beharko dutenak. Etxeko Laguntza Zerbitzua ordaintzearen ardura Hernaniko Udalarena bada, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gastuaren %50 ordaintzea erabaki badu, zergatik egiten zaio kritika? Gaur egunera arte gehiago ordaindu badu izan da, eskumen hori udaletara transferitu bitartean, bere ardura zelako.
Hernanik kudeaketa eta egia merezi ditu, Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatzen duenak gobernatu.
P.D. Urtean bai ordaintzen ditugula 800.000 euro gehiago, Atez Atekoarekin Hernaniko hondakinak biltzen, eta gainera, urtero 2.000.000kg desagertzen dira oraindik. Hori ez zaio axola Bilduri.