Segidan deskribatuko ditudan gertaerak, lasai asko izan zitezkeen 2013, 2014, 2015 edo 2016 urteetakoak... Baina ez, 2017koak dira. Are gehiago, ikusita zer gertatu den, bereziki ekainaren 24 eta 25eko asteburuan, esan dezakegu dena okerrera dijoala. Hitz egiten ari gara, alkoholarekin eta substantzia estupefazienteekin intoxikatutako adin txikikoei buruz; hitz egiten ari gara mozkor tropelei buruz; drogen salerosketa eta kontsumoari buruz, erraz asko eta gure herriko edozein txokotan; bidean topatzen duten edozein kaleko altzari txikitzeari buruz; eta festa bukatzeko, fama bila gladiadoreak balira bezala izaten dituzten borrokei buruz (ekainaren 23tik 28ra, indarkeriazko lapurretak eta erasoak izan ziren). Hernanik denbora gehiegi darama orban hori sufritzen, eta hori guztia ez da San Juanetan bakarrik gertatzen. Hernaniar askok galdetzen dute, nola den posible, urtero urtero, arazoa gero eta haundiagoa izatea, eta nola izan daitekeen EH Bilduk ez jartzea baliabideak hondamendi hau gelditzeko, jakinda gertatzen ari dela. Noiz arte itxaron behar dugu EH Bilduk zerbait egin dezan, Hernani legerik gabeko herria irudia aldatzeko? Noiz arte jasan behar ditugu abusu sexistak, lapurretak, erasoak, adin txikikoen koma etilikoak eta abar? Zalantzarik gabe, kontuak hartu duen itxuraren guztiz kontra gaude Hernaniko EAJn, eta EH Bilduri exijitu nahi diogu, gaiari heldu diezaiola, eta beste behin eskua luzatuz, elkarrekin lan egin dezagula, gero eta kezkagarriagoa den egoera honi bukaera emateko.