Oraindik zur eta lur!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Amonarraiz Gómez Hernaniko EAJko bozeramailea 2017ko uzt. 6a, 02:00

Non geratzen dira ezker aber­­tzaleak, gaur egun EH Bildu, langileen eskubideak defendatzen zitueneko aldarrikapenen garaiak?
Galdera hau egiten dut, 2016an udaletxeko langile bati zigor espedientea ireki ziotelako, eta baita zigortu ere, urtebetez lanik eta soldatarik gabe utzita. Guk ez ge­nituen sekula ulertu jarri zitzaion zigorra eta ankerkeria hura.
Langileak, noski, epaitegietara eraman zuen Udala, eta epaileak arrazoia eman zion. EH Bilduk arrazoirik gabe zigortu zuen.
Ez naiz jurista, zinegotzia naiz, baina EH Bilduk historikoki «langileen eskubideak defendatu» baditu eta epaile batek esaten badio oker jokatu duela, ez al litzateke logikoa izango akatsa onartzea eta kitto?
Ba ez, EH Bilduk, bere posizioan, Hernaniko Udaleko kudeaketan jaun eta jabe, eta diru publikoarekin, helegitea aurkeztu du. Legezko pausoa da, baina guk beste galdera hau egiten dugu: helegitea ikusita, hura aurkezteko erabakia lan motiboengatik hartu da, edo langilearekiko ankerkeriagatik?
Guk hau egin izan bagenu, larrutu egingo gintuzten!
Gogoan dut, ANVk gobernatzen zuenean, beste langile batekin jokaldi berdina egin nahi izan zutela eta, gehiengo osoa ez zutenez, oposiziotik bidegabekeria hura gelditu genuen.
Beste behin, EAJ-PNVtik udaleko langileak eta zen­tzuz jokatzea defendatzen jarraitzen dugu.


 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!