Iritsi dira aurtengo Sanjuan jaiak. Guztiontzat egun bereziak dira. Urte osoko ardura eta kezkak une batzuetan bazterrean utzi eta lagun eta familiarekin festaz gozatzeko egunak dira.
Baina beti bezala, denok ez gaude egoera berdinean. Besteak beste, herriko hainbat bizilagun falta zaizkigu, eta bereziki bi kide, Baldo eta Gari, oraindik herritik urrun daude ez dietelako legez dagokiena ematen.
Garikoitz Arruarte ‘Gari’ gaixo larri dagoen preso hernaniarra da. Gaixotasun degeneratiboa eta sendaezina du (Aldebiko Uveitis Akutua eta Espondilitis Ankilopoietikoa). Gariri tratamendu minimo bat ez edukitzeak egoera larriagotzen dio. Profesionalen terapia desberdinak, dieta osasungarria eta baldintza konkretu batzuk betetzea ezinbestekoa da ahalik eta egokien eraman ahal izateko gaixotasun bera. Eta hori espetxean ezin da. Are gehiago, gaixotasuna larriagotzeko arrisku guztiak ditu.
Bestalde, Jose Javier Zabaletak, ‘Baldo’, Frantzian 10 urteko kondena bete ondoren, Espainiako Justiziak Europako Legediaren aurka, berriro kausa berdinagatik kondenatu zuen.
Orain dela hiru urtetik hona urtero Sanjuanak ospatzen egon behar zuen.
Legedi bereziak eta berauen erabilpen maltzurrak Hernaniko herrian bizitzeko duten eskubidea urratzen ari dira.
Sanjuanetako kuadrila egun honetan argazki saio bat egitea proposatzen dugu; Fotocol saioa hain zuzen ere. Eman dezagun aurpegia Gari eta Baldo etxeratzearen alde.
Disfruta dezagun Sanjuanetan. Ahaztu ditzagun egunerokoak bereak dituen arazoak, baina, aldi berean egin dezagun topa gure artean egon nahi baina ezin dutenengatik.
Topa dezagun preso eta iheslari guztiengatik eta bereziki GARI eta BALDOrengatik.
Gora Sanjuanak!
Sanjuanak denontzat!
Alazne Arozena Oruezabala eta Ana Aranburu Zubillaga,
SAREren izenean