Koro Etxeberria Aranburu (ez nahastu Otsuaeneko Koro Etxeberria Tolosa zinegotziarekin) oker dago. Animaliarik torturatu beharrik izan gabe Osiñagako jaiak oso ondo pasa ditugu.
Ehun lagun inguruk ikusi genuen desafioa, eta inork ez genuen tortura jarduerarik antzeman. Nahiz euria egin, ikuskizuna zoragarria izan zen. Abereak eta pertsonak elkarrekin lanean ikusi genituen, zaldia Suharrirekin elkar lanean, eta astoa Andonirekin, jarri zitzaien beharra betetzen. Bikain aritu ziren laurak. Andonik, astoarekin, irabazi zuen. Korok (Jasota Bezala 2017/06/07) jaietan abere desafio egin dugulako kultura urrikoak jotzen gaitu, agian sadikotzat hartu, eta guzti hau, kritikatzen duen ikuskizuna ikusi ere egin gabe.
Garai nahasiak bizi ditugu, eta Korok idatzian erakusten digun bezala ez oso argiak. Animaliak defendatzeko balizko misioan, Korok gizon-emakumeak baztertzen ditu, eta aurreiritziz betetako judizioak eginez, bost axola zaio pertsonak iraintzen eta mintzen baditu. Garai nahasi eta ilunak, esan bezala.