Ezer gutxi eskatzen omen du eta asko eman. Probatu dutenek diote jendearen arteko harremanak areagotzeko ezin hobea dela eta lehen ezinezkoak iruditzen zitzaizkien hainbat gauza egiten dituztela orain; euskaraz poteatzea, kasu. Ezin hobea da, gainera, nork bere buruarengan konfiantza, soltura eta maila hobea eskuratzeko. Ez da harritzekoa probatu duten gehienek esatea orain gehiagotan egiten dutela lankideekin, lagunekin, baita merkatariekin ere.
Ekimenaren bueltan, Euskal Herrian 6000 pertsona elkartzen dira astero euskarari arnasa emateko. Ordu betez aritzen dira elkarrekin euskaraz hizketan. Hogeita lau urte daramatzate Mintzalagunek txingurri lan etengabe horretan, euskaraz praktikatzeko gogoz diren bidelariak eta horretan laguntzen dieten bidelagunak. Erleak eta loreak bezala, batak besteari emanez, inguruko guztioi on eginez. Herriz-herri egiten duten lanari esker, euskal hiztunak ugaritzen direlako, harreman sare berriak sortzen direlako eta euskaraz aritzeko gune berriak irabazi.
Bidelariak eta bidelagunak. Kontzienteki ala ez, euskararen aktibistak dira; gure hizkuntzaren erabilera indartzen ari direnak. Talde bat elkartzen denero ematen delako euskaraz bizitzeko pauso bat.
Datorren asteburuan ospatuko dute Mintza Eguna Derion. Euskal Herri osoko Mintzalagunak elkartuko dira, festa giroan, euskaraz gozatzeko. Izan dadila Derio harremanak estutzeko hitzordu, urtean zehar egindako lana eta etorriko diren lorpenak ospatzeko jaia. Mintzalagunen jai handia! Bejondeizuela!