Maugi Rojo Gonzalez, Izaskun Niño Navascues, Mikel Zumarraga Luzuriaga
Hernaniko Sortu
Egunotan Espainiako militarrak ibili dira Hernanin. Hilabete baino gutxiago da Gernikako bonbardaketaren 80. urteurreneko ekitaldiak izan genituenetik. Baina Gernikara joan beharrik ez dago izugarrikeriak ikusteko. Hernanin, indar armatu faxistek 200 pertsona baino gehiago fusilatu baitzituzten. Eta orain, bandera beraren pean, uniforme berak jantzita eta helburu politiko berberekin datozkigu beren parafernalia lizunarekin, arma bortitzak erakustera, makina hiltzaileak paseatzera, dirua alperrik xahutzera. (Espainiak eskaintzen digun ‘zerbitzu’ hau, geuk ordaintzen baitugu kupoaren bidez).
Badakigu zer ekartzen duen Espainiar armadak Euskal Herrira: aginte arrotzaren inposizioa, askatasunen murrizketa, demokraziaren zapalketa, jendea izutzea, ingurugiroaren txikizioa, lapurreta eta hilketa.
Ozenki esaten dugu ez zaretela ongi etorriak, ez zaituztegu begien bistan ikusi nahi! Euskal Herria da biztanleko ‘segurtasun indar’ gehien duen Europako herria. Bada garaia desmilitarizaziorantz urratsak ematen hasteko.
Hala ere, Espainiako armada kalkuluak eginda dator Euskal Herrira. Badaezpada, independentzia prozesua oztopatzeko helburuarekin. Askatasuna eta demokrazia beti izan baitira espainiar armadaren etsaiak. Ziurgabetasun garaiak bizi ditugu, eta tinko eutsi behar diogu gure bideari, gure hautua argia delako: independentziarako prozesuarekin jarraitu behar dugu Euskal Herrian ere. Ez dago armadarik, herri baten borondate argia itzal dezakeenik. ALDE HEMENDIK!