Maugi Rojo Gonzalez, Ikusi Makusi jostailu denda
Hernaniko dendek zu behar zaituzte!
Okindegia, kafetegia, arrandegia, jostailu denda, taberna, belar denda eta abar luze bat. Ba al dakizu zer dagoen zerrenda luze horren atzean? FAMILIAK. Herriko familiak, egungo egoeran bizirauten saiatzen direnak, egunez egun borrokan aritzen direnak komertzio txiki horien pertsianak irekitzen jarraitzeko.
Hernaniko dendak hiltzen ari dira, eta askok buruan darabilkigu pertsiana ixtea.
Krisia, azalera haundiko saltokiak, aparkatzeko arazoak, internet eta bertako online denda haundiak... Bilatzen ditugun justifikazio guztiek izango dute arrazoi pixka bat, baina ezin dugu horretan geratu. Ezin dute izan elkarrizketa hutsaletarako gai bat gehiago, euria ari duen edo bero egiten duen aipatzen dugunean bezala; denok dugu zeregina, Hernani bezalako engranaje haundi batek funtzionatu dezan.
Amesteko eskubidea daukagu, eta bizitzeko nahi dugun herria eraikitzekoa.
Nik ez dut lotarako herri bat nahi, herri bizia nahi dut! Ez dut nahi emotikonoen bidez elkar agurtzen dutenek osatutako gizartea, aurrez aurreko harremanak nahi ditut, kafe eta kopak eskuan, kaleko elkarrizketekin batean. Ez dut herri itzali bat nahi, kolorez betetako kaleak nahi ditut, eta argiztatutako erakusleihoak; nere seme-alabek eskolako paretetatik haratago herrian harremanak egitea nahi dut; senti dezatela herria beraiena ere badela, eta ezagutu ditzatela okindegian, arrandegian... eta Hernaniko familien zerrenda haundi horretan.
Horregatik guztiagatik, eta herria denon artean egiten dugulako, zure hondar alea jar dezazun gonbidapena egiten dizugu, herriko dendetan erosiz.
Hernani bizirik nahi dugulako eta denok merezi dugulako.