Gobernatzen gaituzten administrazioen kultura politikek baldintzatzen dituzte kultura dinamikak. Hauek baldintzatzen dituzte politika horiek, zuzenean edo ez, lege, laguntza ekonomiko eta azpiegituren bidez, gizartearentzako hainbat zerbitzu eskainiz, ez besterik.
Gero eta gehiago, kulturari bultzada ematea lotuta dago garapen ekonomikoa lortzeko saiakerarekin, ongizate eta modernitate dinamikak sortzen laguntzeko. Horrela, erakusten digute ekonomiari lotutako kultura, eta erakunde publikoak dira bultzada horren sortzaile eta sustatzaileak. Horrek guztiak eraginda, kultura industriak gero eta garrantzia handiagoa dauka, eta aurkezten dizkigute gure gizarteko kulturaren motor gisa. Ikuspuntu horretatik, kulturaren kudeaketa merkatu kontzeptuaren –Txotx denboraldiaren- menpe geratzen da, eta hor, kultura industriak identifikatutako sektoreko ardatz dira; ez pertsonen garapen intelektual eta humanoa bilatzeko esperantzarekin, baizik eta dinamizatzaile ekonomiko gisa. Baina ez da sekula zalantzan jartzen industria eta kultura-ekonomia dinamika horiek arautzen dituen ekonomia eredua. Zalantzan jartzen ez dituen merkatu ereduaren parte den kultura ekonomian txertatuta daude kultura industria horiek, eta eredu hori iraunarazi besterik ez dute egiten kultura transmisioaren bidez. Honen helburu bakarra irabazi ekonomikoa da, eta horrek baldintzatu egiten ditu kultura eskaintza eredua eta eskaintzen diren eduki motak. Eredu kapitalistan txertatutako kultura ekonomiak, eskaintza eta eskarian oinarrituak, ezingo du arriskatu, merkatu kapitalistatik datorren gainbalioa zalantzan jartzen duten kultura proposamenen alde egiteko. Gure ekonomian txertatutako kultura industriek bultzatzen duten kultur eskaintza oinarritzen da, langile-klaseak gozatu dezakeen aisialdi denbora okupatzeko lanean; eta aisialdi denbora hori lan eskema kapitalistan txertatuta dago. Honen arabera, opor egunak, ekoizten segitzeko behar den denbora besterik ez dira.
Garapen kultural eredu honen aurrean, ezkerrak beste bat bultzatu behar luke; ez bizi garen ekonomia ereduak ematen digun kultura ekonomia ideian oinarritua, baizik eta kulturaren kontzeptu ekonomizistatik ihes egiten duten bestelako ideiek bultzatua edota soldatapeko lan denborarekin lotutako aisialdi denbora okupazionalaren ideiatik ihes egiten duena. Eta hori garrantzitsua da, ez soilik bestelako oinarri batzuetan antolatzen den gizarte batean pentsatzeak daukan garrantziagatik, baizik eta baita daukan arduragatik ere, kulturari baliabide ekonomiko eta estruktural handiak eskaintzen dizkioten erakundeak kudeatzen baititu, hauen bidez estrukturazio soziala bultzatzeko asmoz. Eraldatzailea dela sinesten duen ezkerrak, nahi izanez gero iraultzailea, ezin du ezinikusiarena egin, zalantzan jarri gabe bere kultura politiken oinarriak, eta praktika, eta ez soilik erakunde mota desberdinak kudeatzean, baizik eta politika orokorrean, Hernanin gertatzen den moduan. Gizarte justuago baten alde egiten ari dela dioen ezkerrak, berdintasunaren aldekoa eta askatzailea denak, ezin du utzi etorkizuna, merkatuaren legeen eskuetan. Kulturaren garrantzia gizartearen ondare moduan bultzatu eta sustatu behar du, egungo diru dinamiken kontra; lan eginez bizi dugun gizarte honetan garrantzia eman diezaiogun jakituriari, pentsamendu kritikoari, garapen intelektualari eta prozesu sortzaileei, diren bezain aberasgarri direla onartuz, eta ez txanponekin kontatzeko moduan, baizik eta gizartearen ongizatean.
Jexus Arregi Apaolaza