Egun norbaitek denda bat irekitzeko aholkua eskatuko balit, ez nuke jakingo horretara animatu ala ez.
Alde batera utzita lanaren gogortasuna edota abentura haundi honi heltzeak dakarren arrisku ekonomikoa, konpetentzia haundien aurrean dauzkagun aparteko zailtasunen inguruan ere ohartarazi behar nuke. Izan ere, sekula baino gehiago aplikatzen da hemen, arrain haundiak txikia jaten duen kontu hori. Arrain haundi horrek forma eta kolore asko hartzen ditu; saltoki haundiena eta hori asiatikoa bezalako koloreena. Ohitu egin gara kate komertzial haundiak kalean ikusten, eta herri mailan txino deitzen diegun horiek izkina guztietan ikusten.
Udal legediaren inguruko jakinduriarik ez dut, baina edozein kaletarren gisan, galdetzen dut ea gure arrain ontzian horrelako arrainak edukitzea ez ote den Hernaniko komertzioen egoera eragiten duen benetako arazoa. Ulertzen dut mundu guztiak daukala komertzio bat irekitzeko eskubidea, behar diren eskakizunak betetzen baditu, baina gero ezin dugu larritu ikustean betiko ferreteria, paper denda, drogeria edo mertzeria hutsik daudela. Imajinatzen dut arrain haundi hauek ederki laguntzen dutela udal diru-kutxa betetzen, baina ezin dugu alboratu horren ordaina zein den. Era berean, ez dakit bata bestearekiko distantzia edo kopurua kontuan hartuta erregulatu daitezkeen, farmazia eta estankoekin egiten den bezala, baina dakitena da komertzio txikia itotzen ari direla.
Konponbide zaila, azken batean. Gure burua berritzen jarraitu beharko dugu, eta arreta pertsonalizatu eta kalitatezkoaren alde egiten. Nahiz eta ezin gure burua engainatu; errezeta hauek gastatuta daude, dagoeneko. Bereziki, gaur egun, mundu birtualean nabigatzea eta txolloetan onena arrantzatzea maite dugun honetan. Gogoeta hauekin ez dut herriko ezkorrena bihurtu nahi; 20 urte daramazkigu liburudendarekin. Nahi dudana da, aukera eman didatenez, adierazi mostradorearen atzean gaudenok nola sentitzen garen.