Herri honi hainbeste sufrimendu ekarri dion gatazka amaitu omen da. Iada ez ei dago gatazkarik Euskal Herrian. Demokraziaren izaretan arnas hartzen dugula diote. Bakean bizi garela. Elkarbizitzaren onurak dastatzen hasi garela, behingoagatik. Denok, legalitate berberaren pean, errespetuz eta zuzenbide estatuak eskaintzen digun aukera berdintasunaz gozatzen dugula. Are gehiago, gatazka politikorik ez dela existitu, hemen, urteetan ‘terrorismoak’ ‘izua’ eragin duela, erruduna eta borreroa bat eta bakarra izan dela. Gu guztiok onartutako legeak aplikatu behar direla, ez dela ezertxo ere aldatu zentzu horretan.
Eta egia da. Badira aldatu ez diren gauzak, bai. Gure senide, lagun, ezagun eta herrikideak bahituta jarraitzen dutela sarraski espetxeetan, txakurren atzaparretatik ihesean eta urruneko herrietan deportaturik. Epaitegi arrotzek zigortzen jarraitzen dutela, gazteak espetxera bidaltzen dituztela, eri diren presoak zulo ilunetan dituztela giltzapetuta, estatu espainiar eta frantziarreko gorputz errepresiboek herri hau okupatzen jarraitzen dutela... zer da amaitu dena?
Jarraitu beharra dugu. Etxeratu behar ditugu. Kalera ateraz, borrokaren bitartez, elkartasuna adieraziz, sostengua emanaz.
Honenbestez, guk ere LAB sindikatutik maiatzaren 20ean Roannera egingo den martxarekin bat egiten dugu. Eta dei egiten diegu herritarrei bertan parte hartzera. Etxean nahi eta behar ditugulako! Denok Roannera!
Axel Azpiolea Iradi
LAB sindikatuaren
izenean