Esti Aldeiturriaga Amuriza
Hernaniko udal gobernua
Badatorrela esan genuen orain dela urte batzuk, eta etorri da, ekarri dute, gure herrira LOMCE-HEZIBERRI hezkuntza erreforma.
Ez da bat-batean etorritako erreforma, baizik eta jendartearen beste arloetan emandako erreformekin batera (lan erreforma, kasu), oinarrizko eskubideen murrizketa ekarri duten erreformekin batera, etorri dela LOMCE-HEZIBERRI. Izan ere, estatu interes zehatz batzuen arabera sortutako legea da ate joka dugun erreforma hau.
Lege honek ezagupenetan oinarritutako hezkuntza lehenesten du, eredu banatzaile eta akademizistaren aldeko apustua egiten du, inolako irakaste-ikaste metodologiari erreferentziarik egin gabe. Horrez gain, gure ikasleak sailkatzeko derrigorrezko ebaluazio sistema ere ezartzen du (errebalida eta ebaluazio diagnostikoa).
Baina, LOMCE-HEZIBERRI legea ez da azkenaldian hezkuntzak jasan duen eraso bakarra.
Eusko Jaurlaritzak jadanik aplikatu ditu ezkutuan mantendu nahi dituen murrizketak. Esaterako, ikasleen ratioak igo ditu, ordezkapenak ez dira egiten edo astebete pasa ondoren egiten dira. Gabezia horiek hezkuntzaren kalitatea nabarmen kaltetzen dute.
Argi utzi nahi diogu Eusko Jaurlaritzari hezkuntza komunitatea denok osatzen dugula, ikasleek, gurasoek, Hezkuntzako Heziketa Bereziko hezitzaileek, sukaldariek, garbitzaileek, irakasleek, Haurreskolako Partzuergoko langileek, hezitzaileek, eta denon artean aurre egingo diogula gure herriko hezkuntza komunitatea jasaten ari den erasoari.
Horregatik, Hernaniko udal gobernuko kideok babes osoa eman nahi diegu egin diren eta egingo diren ekimenei, hain zuzen, gurasoek erabaki duten plantoari eta maiatzean egingo diren greba egunei.
Elkarlanean euskal hezkuntza herritik eta herritarrentzat sortuko dugu.