’Mila esker’ handi batekin eskertu nahi zaituztegu Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartzen duzuen herritar guztiok, zehazki maiatzaren 8an kaleko protesta zaratatsuan egon zinetenoi.
Aldi berean, ‘Zorionak’ eman behar dizkiogu Hernani osoari: maiatz honetan betetzen dira 7 urte hondakinen bilketa on bat, Atez Atekoa, martxan jarri zenetik. Hernanin ondo ari gara eta fruituak hor daude. Gipuzkoako oligarkiak, EAJk eta PSEk mila gezurrez bonbardatzen gaituzten arren, errealitatea hor dago: Hernanin ondo ari gara kudeatzen gure hondakinak eta Gipuzkoako beste herri askorekin batera demostratzen dugu ez daukagula inongo erraustegiren beharrik. Gaizki ari diren herriek aldatu behar dute sistema, eta batez ere Donostiak. Hernaniarrok: ez egin kaso guk gehiago kutsatzea eta gauzak okerrago egitea proposatzen diguten politikari gezurtiei. Hondakinak denok sortzen ditugu, denon erantzukizuna dira.
Bukatzeko, gonbidapen bat denoi: maiatzaren 27an, larunbata, Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatzen du Erraustegiaren kontrako Eguna Zubietan. Beti bezala, hor egongo gara hernaniarrok ere. Erraustegiarekin urte luzeetarako kutsatu, gaixotu eta zorpetu nahi gaituzte herritarrok. Ez dugu onartuko. Ez etsi, hernaniarrok: eutsi! Bakean baina tinko: ‘Erraustegirik ez!’.
Pello Zubiria Kamino
Hernanin Zero Zabor