Lerro hauetatik, EAJ-PNVk aldarrikatu nahi du, langile baten soldatak balio behar diola bizitza duin bat izateko.
Batzuk harrituko dira, adierazpen hauek egiten dituelako talde politiko batek, zenbait alderdi politikok eskuinarekin lotzen dutena; eta ziur gehiago harrituko direla, EAJk esateaz gain, Hernaniko Udalean hori lortzen saiatzen delako.
Makina bat izan dira egin ditugun eskaerak, horren inguruan, bai Ongizate Patronatuko batzarretan, eta baita idatziz ere, udaletxeko erregistroan, 2016ko maiatzean aurkeztu genuen bezala. Eskaeran zehazten genuen, obra publikoak esleitzen zaizkien enpresetako eta azpikontratetako langileek, kobratu behar dutela sektore horretarako Gipuzkoako konbenioan ezarritako soldata. Eta ez Portugaleko, Argeliako... konbenioak. Enpresa horiek beste toki batzuetako langileak ekarri nahi badituzte, jakin dezatela hemengoen berdina kostatuko zaiela.
Gaur publiko egin nahi ditugu gure eskaerak, eta Bildu animatu nahi dugu, batetik, alderdi hori txertatzera lehiaketen pleguetan, eta bestetik, gutxitzera obra publikoetako azpikontraten portzentajea. 2016ko maiatzean eskatu geniona.
EAJ-PNVn uste dugu, gure herriaren etorkizuna hasten dela, langileek lan duin bat izanda, soldata duin batekin.