Hernaniko Hezkuntza Plataformak argi eta garbi adierazi nahi du bat egiten duela guztiz, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEE-EILAS eta CCOOek) deituriko grebarekin, datozen maiatzak 16 eta 23rako; azken grebatik hona (martxoak 22) Eusko Jaurlaritzak ez baitu inolako jarrera aldaketarik adierazi.
Jadanik aplikatzen ari diren neurri guztiak murrizketa handiak sorrarazten dituzte ikasleen eta irakasleen eskola saioetan, hala nola, ratioak, geroz eta ikasle gehiago ditu irakasle bakoitzak gelan; bajagatik ordezkapenak, 5 egun egoten dira ordezko irakaslerik gabe, horrek sortzen duen presioarekin baja hartu behar duen irakaslearengan, irakaslerik gabe gelditzen diren ikasleengan, eta baita moldatu behar duten irakasle lankideengan; baja egunak ez dira ordaintzen %100 lehen egunetik eta ez 21.etik aurrera; irakasleen ezegonkortasuna ikaragarri ari da handitzen gutxitzen joan beharrean, jakinda duen onura ikasketa prozesu osoan zehar; irakasleen ardurak etengabe handitzen jarraitzen dute eta egoera hauek ez dira onargarriak.
Kalitatezko hezkuntza bat nahi badugu, hezkuntza publikoa duina eta eraginkorra nahi badugu, murrizketa hauek ezin ditugu onartu, horregatik, sindikatuek egindako deialdiarekin bat egiten dugu Hernaniko Hezkuntza Plataformak, eta datozen egunetan burutuko diren mobilizazio eta ekimen desberdinetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, elkarlanean denontzat hain beharrezkoa diren baldintzak aldarrika ditzagun.