Karlos Apeztegia Jaka
Euskal Udaberria Kalera
Orain dela 40 urte amnistiaren aldeko astea burutu zen, 1977ko maiatzean, aste odoltsua, gogorra eta mingarria. Presoen aldeko aldarria herriz herri indartsu zebilen Euskal Herrian. Euskal Presoak borroka politikoaren ondorioz preso zeuden, eta euskal herritarrek presoak kalean aske nahi zituzten. Amnistiaren aldarriak bazter guztiak betetzen zituen, manifestaldiak zirela, itxialdiak zirela, batzar herrikoiak zirela. Euskal presoak borrokalari politikoak ziren eta kalean aske behar zuten. Eta kitto.
Garai berezi hartan borrokarako gogoa zegoen eta jendeak etorkizunari itxaropentsu begiratzen zion, baina botere politikoak halakorik ezin zuen onartu eta erantzuna kupidagabea izan zen.
Errepresio latza zela eta, Euskal Herrian lau hildako suertatu ziren, eta zauritutakoak ere ugari izan ziren.
Lehen bezala, gaur egun ere badira euskal presoen alde borrokatzeko arrazoiak, euskal presoak badaudelako, eta euskal presoen izaera guztiz politikoa badelako.
Kalera Kalera Udaberria ekimenak Euskal Herrian ekitaldiak antolatu ditu, askatasuna eta bakea irabazteko oraindik ere borrokan jarraitu beharra dagoelako. Hemen ez da benetako bakerik izango euskal presoak aske egongo ez diren bitartean.
Maiatzaren 13an Oreretan nazio mailako manifestazioa burutuko da arratsaldeko 17:30etan, Kalera Kalera ekimenak antolaturik, eta hernaniar guztiei Oreretara joateko deia luzatu nahi diegu, orain 40 urte bezalaxe euskal presoen aldeko borrokak etenik ez duelako.
Maiatzaren 20an Espainia eta Frantziako espetxeetara joateko martxak antolatu dira. Hernaniri Roannera joatea egokitu zaio eta autobusa antolatuko da. Hernaniarrei Roannera abiatzeko deia egin nahi diegu, atzerriko espetxe horretan euskal presoak bakarrik ez daudela eta gogoan ditugula aldarrikatzeko.