Ostiralean, hilak 28, Kronika egunkarian eta Diario Vascoko Hernaniko atalean irakurri genezakeen, gure alkateak eta zerbitzu sozialetako arduradunak gazteentzako sentsibilizazio kanpaina eskaintzen dutela.
Pentsatzen dugu kanpaina hau bisitan etortzen zaizkigun gazte guztiei begirakoa dela; Goierri, Tolosaldea, Donostialdea, Bidasoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia, Frantzia... eta abarretatik etortzen direnei begirakoa.
Esaten dute arazoa ez dela berria, eta badakite orain arteko neurriek ez dituztela bizilagunak asetzen; hauek gogorarazten dute, legez, zaintza eta kontrola Udalaren lanak direla.
2010eko urtarrilaren 24an alkateak zioen: Krisiak sagardotegi establezimenduak ere kaltetzen ditu, nahiz eta Beitialarrangoitiaren esanetan, «sagardogileek esandakoaren arabera, iazko urtea uste baino hobea izan zen. Beldur gehiago diote, sektore guztietan bezala, 2010 honi».
Badirudi orduko gure alkateari ostalarien emaitza ekonomikoak interesatzen zitzaizkiola, eta gutxi, gure gazte eta helduen osasuna eta Kaxkoko bizitoki eta komertzioen balio-galtze ‘mutximillonarioa’.
2006ko otsailaren 8an, (duela 11 urte baino gehiago) Diario Vascon irakurtzen genuen Txoootx, baina baxuago (¡Txoootx!, pero más bajito) izenburupean, bizilagunen etengabeko kexak medio, Hernanik gazteei begirako kanpaina jartzen zuela martxan, haien portaera zibikoa aldarrikatuz.
Lertxundi eta Intxauspe jaunak, eta gainontzeko zinegotziak: beste 11 urte behar al dira jakiteko hartu dituzuen neurriak (ongietorriak) ez direla nahikoa, Hernaniko asteburuetako arazoa konpontzeko?
Bizilagunok ezin dugu itxoin gure gonbidatuak berriro hezi arte, DIBERTSIOAREN eta ATSEDENAREN arteko oreka berreskuratzeko.
Bizilagun talde bat, gure Udalaren etengabeko inhibizioarekin eta hartutako neurrien eskasiarekin nekatuta, gure alkateari emateko ibilbide-orri bat osatzen ari gara, Kaxkoan bizi-kalitatea hobetzeko.
Edonork hartu dezake parte. Bidali proposamenak: kaxkoobetu@gmail.com.
Defenda dezagun gure Kaxkoa eta Hernaniren izen ona.