Orain hilabete batzuk eskatu genion zerbitzu publikoetako zinegotziari, konpondu zedin zuhaitz baten sustraien eraginez altxa zen espaloi bat. Sorpresa ikaragarria hartu dugu ikusita espaloia konpondu dela, zuhaitza kendu dela eta beste bat, espezie berekoa, landatu dela. Hemendik 8 urtera berriro konpondu beharko da espaloia... Ez al zen logikoagoa, kasu honetan eta beste batzuetan, hain inbasoreak ez diren sustraiak dauzkan zuhaitz desberdin bat jartzea? Guk hala ulertzen dugu.
Beste kontu batzuei dagokienez, 2016ko abenduan eskatu genion Bilduri Hernaniko kale eta plazetako argiteriaren inguruko ikerketa bat egin zezala, eta adibide batzuk jarri genizkion, behar hori bazela erakusteko. Argiterian xahutzen dena, adibidez, Atsegindegin, eta igerileku irekietako aparkalekuan, eta Txirrita kalea gauero bihurtzen den ZULO horretan. EAJ-PNVn uste dugu lehentasuna dutela ingurumenarekiko errespetuak eta hernaniarren segurtasunak, gure kale eta plazak argiztatzerakoan. Egingo al da ikerketarik, bi parametro horiek kontuan hartua? Gehiengo absolutua izanik, Bildurengan dago erabakia. Hernaniarrok ikusiko dugu gure errealitatea aldatzen ote den.