Kaleko zalaparta

Erabiltzailearen aurpegia Ion Azpiazu Goñi Andrekale 2ko bizilagun komunitateko p 2017ko urt. 14a, 01:00


Eguberri egunetik abenduaren 26rako gauean, neska-mutilek hartua zirudien Hernani­ko Kaxkoak. Arratsaldeko 19:00ak aldera, 16 eta 25 urte bitarteko gazteak, etengabe mugitzen ziren Kaxkotik, botelloiak egiteko beharrezko guztia zeukaten poltsekin. Plaza beteta zegoen.
Gaueko 22:00etan, botello­ien arrastoak zeuden nonahi; Leokan, Portura doazen eskai­leren ondoko zabalunean, Santo Cristo del Humillade­ro­ko ermitan, Atetxikitasen, elizako atean, udaletxeko arku­peetan, Atzietasen Eltze­kondo bizi zen etxearen ondo­­tik hasita, Goiz Eguzkin eta ondoan, Kardaberaz parkeko bolatokiko zelaian...
Nik ez dut horrelako zerbait ikusi 2016 urte osoan, ezta txotx denboraldian ere. Eta esan didate, bizilagunek deitu zutela Udaltzaingora, eta erantzuna izan zela ez zeukatela baliabiderik, egoera kontrolatzeko. Horrelako ego­eren aurrean, ezin badute kontrolatu, badago jokaera protokolo bat; kontua da, ez dutela martxan jarri nahi, eta horrekin, bizilagunak alde batera uzten dituzte, atsedenerako daukaten eskubidea galtzen dutelarik.
Udaletxearen harremana duten pertsona batzuekin hizketan, diote pasada bat izan zela, eta konponbide zaila daukala. Uste dut, berriketa merkea dela, bere burua justifikatu nahian.
Izan gaitezen serioak: arau zibikoak aplikatzeak dakar, beste helburu batzuen artean, zibikoak ez diren jarrera batzuk saihestea, eta aforoak kontrolatzeak lagun­tzen du horretan. Urteak da­ra­­mazkigu kasurik egin gabe, eta hortik gure herriaren fama: denak balio duen araurik gabe hiria dauka ezizena Hernanik.
Eta nik diot: gaizki aparkatzen duenari zigorra jartzen bazaio, zergatik ez kalean za­borra botatzen duenari, kanpoan kontsumitzeko edariak saltzen dituenari, edo aforoak errespetatzen ez dituenari?
Alkatearen inbestidurako diskurtsoak, esperantza eman zigun hobera egiteko, baina Kaxkoko asteburuetako zalapartarekin, beste aldera begiratzen dute, eta gero justifikaezina dena justifikatu nahi dute. Mozkorkeriaren turismoa ez da nahi duguna. Zuen eskura dauzkazue ordenan­tzak, beraz egin ezazue egin beharrekoa, bizilagunen alde.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!