Iruña-Veleia da aztarnategi bat, antzinako aztarnen kokaleku, Gasteiztik 10 kilometrotara dagoena, Iruña Oka herrian. Iruña-Veleiako lurpean ezkutatzen dira 1.500 urte baino gehiagoko aztarnak. Duela 10 bat urte, arkeologoek, Eliseo Gil buru zelarik, 400 grafito aurkitu zituzten, erromatarren garaikoak, hain zuzen. Bazituzten latinezko eta euskarazko esaldiak ere. Eta esaldi horien mezua, berriz, kristautasunarekin zegoen lotua, hainbat kasutan.
Handik bi urtetara, Martin Almagro Gorbea jaunak (zein baita “anticuario perpetuo de la Real Academia de la Historia”, bere biografian jartzen duenez) honako adierazpen hau egin zuen: “Los grafitos de Iruña-Veleia o son una broma o una estafa”. Akusazio horrek oihartzun handia izan zuen prentsan eta gainerako mediorik indartsuenetan. Gero, euskal filologo batzuek ere faltsutzat joko zituzten grafitoak, eta, azkenik, Arabako Aldundiak, duela 8 urte, kaleratu egingo zituen grafitoak aurkitu zituzten arkeologoak: Eliseo Gil-eta. Eta orduz geroztik, inork ere ez die inolako lanik ematen. Baina, gauza ez zen horretan gelditu: Arabako Foru Aldundiak (zein baitzen nazionalista/ abertzalea) epailetara eraman zuen Eliseo Gil, grafitoak faltsifikatu zituelako akusaziopean. Auziak 8 urte bete ditu, eta oraindik horretan dirau, ez aurrera eta ez atzera. Gainera, diru-zigor latza ordaindu beharko du Eliseok, epaia galduz gero. Artikulu hau dela medio, hainbat arrazoi azalduko ditut Eliseo Gil arkeologoaren alde, eta akusatzaileen kontra; bereziki Joseba Lakarra filologoak egin duen teoriaren aurka. Orduko euskaldunek ez omen zuten urdin hitza erabiltzen, izarren kolorea adierazteko. Horregatik jo dute faltsutzat grafito bat, teoria hori hankaz gora bota dezakeelako.
Urdin, zeruan, izarra
haserre dago Lakarra
Eliseo Gil gizarajuai
berotu dio bizkarra