Umetan, ume guztiak bezala, hatza erabiltzen genuen hitzek esaten uzten ez zigutena esateko. Hatza erabiltzen genuen aitari gaileta bat eskatzeko gose ginenean; hatza erabiltzen genuen ilargia eta izarrak seinalatzeko, eta amak begiak argituta kontatzen zigun hatzarekin seinalatuz konstelazio hura kaxiopea zela; hatza erabiliz ikasi genuen gustatzen zaiguna eskatzen eta gustatzen ez zaigunari uko egiten.
Bada gaur, hatz erakuslearekin seinalatu nahi dugu espetxe politika; seinalatu nahi dugu euskal presoei ezarritako kondenen urte gehigarri bakoitza; hatz erakuslearekin seinalatzen jarraitu nahi dugu dispertsioa eta larriki gaixo dauden presoen egoera, gaixorik gaudenean, guk ere behar izaten baitugu medikuen laguntza eta ingurukoen goxotasuna.
Gertatzen ari dena ez baita paisaiaren parte. Horregatik, hatza jaso nahi dugu injustiziaren kontra; hatza jaso nahi dugu arduraz, herritar garen aldetik gure ardura ere badelako gertatzen ari den bidegabekeria seinalatzea.
Horregatik, hatza jaso nahi dugu jendarte hobea eraikitzeko, elkarbizitzan, elkarrizketan, errespetuan eta justizian oinarrituko den jendarte hobea eraikitzeko, alegia.
Hatz erakuslea jasota aldarrikatu nahi dugu hemen gaudela, mundu honen parte garela. Ikus gaitzatela Madriletik, Parisetik, Luxemburgotik… eta ikus gaitzatela izarretatik ere. Ikus dezatela hemen badela herri bat giza eskubideen alde dagoena. Zatoz, eta jaso ezazu eskua gurekin.
Abenduaren 14an Bilbora… autobusak arratsaldeko 15:30ean aterako dira Hernanitik (Atsegindegitik). Txartelak Depor, Txili, Garin eta Kitton salgai dituzue.