Azken urte eta erdi honetan, askotan, EAJ-PNVk lagundu egin dio Orain Hernaniri, eta azaldu egin dizkio udal jardueraren nondik-norakoak, gure herriaren alde beti lanean aritu den alderdi politiko baten eta iristen den berri baten arteko ohiko erlazioa mantenduz. Honaino, dena normal.
Harrituta utzi gaituzte, ordea, Orain Hernanik prentsara bidalitako artikuluan 2017ko aurrekontuen inguruan egindako bi baieztapenek. Batean diote «nahiz eta oposizioaren emendakin interesgarriren bat badagoen, kontrako jarrera hartu dutela», eta bestean diote «emendakinak, bereziki, hondakinen kudeaketa aldaketari buruzkoak direla». EAJ-PNVk 11 emendakin partzial aurkeztu zituen, eta hainbat arrazoi eman genituen, azaltzeko zergatik ez geunden ados Bilduren aurrekontuekin; orain, Orain Hernanirenak ere badira.
Prentsan argitaratutakoaren ondoren, hainbat galdera sortu zaizkigu: zertarako iritsi da Orain Hernani politikara, gure herriarentzat interesgarriak iruditzen zaizkien proposamenak egonda, kontrako botoa ematen badute?; Haientzako hernaniarren ongizatearen gainetik al daude proposamenak egiten dituztenen kolore, ideologia edota sinesmenak?; Zergatik ematen du iritzia EAJ-PNVren, herriko bigarren indar politikoaren emendakinen inguruan, irakurri ez baditu?; Urte eta erdiren ondoren, Orain Hernanik ez al ditu bereizten hondakinen kudeaketa eta hondakinen bilketa?