Hernanin 2017ko martxoaren 19an eginen den herri kontsultaren aldeko sinadura bilketarekiko jarraipena ez da, soilik, ezta nagusiki ere, zenbakietara mugatzen den afera. Gure Esku Dago/BagaGiltzaren xedea zure parte-hartzea erdiestea da, zeinahi delarik, zure konplizitatea, guztion artean eraikiko dugun etorkizunean, aktiboki, partekatzeko zeure nahia.
Zure sinaduraz, zeurea gehitzeaz gain, hernaniar beste askoren helburuari lotzen zatzaizkio. Bai, zeurearekin sinadura kopurua handituko da, baina, bereziki, jarrera horrekin hernaniarron ahalmen demokratikoa aberastuko da.
Zeure parte-hartzearekin erabakitzeko eskubidea ahalbidetzeari ekarpen handia dakarkiozu (inork ez zaitzan ordezka).
Zeurearekin indartuko duzu herri-kontsultaren zilegitasuna. Demokrata nehork ez dizu, sekula, deus aurpegiratuko.
Zeurearekin maila berria erantsi diozu hernaniarrok, auzolanean, kontsulta demokratikoaz estreinako saiakera gauzatuko duen giza-kateari.
Erabakitzeko eskubideaz jarduteari zure sostengua emanez komunitatea indartzen laguntzen duzu. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen herriak bere subiranotasuna bermatzen du. Begien bistakoa baita herritarren partaidetzak norbait kaltetzekotan, soilik, kalte egin diezaiokeela, gure etsipenez, ezaxolakeriaz, besterengan delegatzeak edota hauen guztien metaketaz elikatzen den inmobilismoarekin probetxu edo onura ateratzen duenari.
Hernaniarrok herri anitza osatzen dugu, bai jatorriz, hizkuntzaz, ideologiaz, kulturaz eta ohitura ezberdinez hainbat komunitatez eratua. Aipatu komunitate horietako demokrata orori esku-hartzera deitzen diogu, elkarrekin, bizikide izanik, osatzen baitugu egungo Hernani anitz hau.
Honatx herri ekimen hau-bere egoera puruan-aktiboki mantentzen duten arrazoiak. Orain arteko sinadura lehenak, eta -demagun- 3001nak, balio bera daukate eta kemen berria damaigute lanean jarraitzeko. Falta zaigun sinadura da…azkena/zurea! Eta ez dugu etsiko hau lortu arte!!!
Ines Fernandez Ramirez
Maite Lizeaga Errazkin
Bagagiltzaren izenean