Euskal preso eta iheslari ohien kolektiboak abenduan eta urtarrilean burutuko duen ekimenak "Kalera Kalera" izenburua hartu du. Euskal presoekiko sentikortasuna indartu eta mobilizazioa eragiteko ekimena izango da, herri borroka piztu eta euskal presoen kolektiboarekiko babesa adierazteko.
Borroka armatuaren atala bukatu zenetik dagoeneko bost urte igaro dira, eta denbora honetan guztian, eskakizunak izan badira ere, euskal presoen egoera gogorra konpondu eta modu egokian bideratzeko ez da aurrerapausorik izan. Aurrerantz egin ordez, oso modu nabarian atzerantz egin da, gaur egun espetxeetako egoera aurreko urteetakoa baino larriagoa baita. Larriki gaixorik dauden euskal presoen adibidea oso adierazgarria da. Espetxe politikaren ezaugarriak salbuespena, neurrigabekeria eta mendekua dira, ezer gertatu ez balitz bezalaxe jokatzen ari baitira, eta hau onartezina da. Nahikoa da! ozenki oihukatzeko garaia da.
Euskal presoen aldeko mezua gizartean zabaldu behar da. Elkartasuna indartu behar da eta euskal presoen aldeko aldarrikapena jende guztiak entzun behar du, euskal preso eta iheslari guztiak gure artean lehenbailehen nahi ditugulako.
"Kalera Kalera" ekimenak euskal presoak espetxeetatik ateratzeko exijentzia izan behar du eta Euskal Herriko gizarteari euskal presoen alde kalera atera dadin eskatu nahi diogu. Espetxean eta erbestean egon garen euskal borrokalariok gizartean euskal presoen aldeko konpromiso eta borrokarako deia zabaldu nahi dugu. Euskal Herrian bizitza osoan, era batera edo bestera, amnistia, bakea eta askatasunaren alde lan egindako milaka herritarri egindako deia da, euskal presoek askatasuna lor dezaten eta kalean gure aldamenean borrokan jarrai dezaten bakea eta askatasuna irabazteko.
Euskal preso eta iheslari guztiak gurekin aske behar eta nahi ditugu orain.
Graxi Morcillo Torres
Pakito Lujanbio Galdeano
Anjel Pikabea Ugalde
Iraitz Santa Kruz Ugalde