Kronikak 2016ko azaroaren 30ean argitaratu zuen Udalak bidalitako albistea, esaten zuena: «Hernaniko Gure Esku Dago plataformarekin zuen lankidetza hitzarmena berritu du (Udalak). Hori horrela, erabakitze eskubidearen aldeko dinamika sustatzeko 9.000 euroko ekarpena egingo dio plataformari».
Albistea irakurtzean burura etorri zaizkit aspaldidanik herriak dauzkan beste beharrak, urteak pasa arren horrelako eskuzabaltasunarekin tratatu ez direnak, nahiz eta legeak indarrean egon. Adibidez, gure herriko Kaxko Historikoa, 1996az geroztik hernaniarren ondare izendatua; babesten duen legearen arabera, bere mantenuaren eta arauen eguneratzearen arduradun haiek dira, bai, Udala gobernatzen dutenak. Urte hauetan guztietan Kaxko Elkarteak behin eta berriz gogorarazi badie ere, egun, guk dakigula, ez dute euro bakar bat ere bideratu eginbehar horietara, orain 20 urte mantenua eta garapena arautzen duen legea argitaratu zenetik.
Ez al zaizue iruditzen gure zinegotzien jarrera honek antza duela Rajoyrenarekin, gehiengo absolutua zuenean eta orain, ez daukanean?
Ez al duzue uste antza haundia duela, Rajoyk ondorengo galderari emandako erantzunarekin: «Zer egingo duzu parlamentariok behar den gehiengoarekin Parlamentuan onartu ditugun lege aldaketekin?». Rajoyk erantzun zuen: «Onartuko dudan bakarra izango da, onartzera behartuta nagoena». Gorteetan parlamentariek hartutako erabakiak errespetatu eta betetzeari uko egiten dio. Demokrazia?
Gure kasuan ez dira Gorteak erabakiak hartu dituztenak eta Rajoy, betetzeari uko egiten diona, baizik eta indarrean dagoen legea bera da gure agintariek betetzen ez dutena. Hori al da gure herrian gertatzen dena, gure agintarien jokaera demokratikoa?
Gauza bera gertatzen da Kaxkoko kaleko zarata arazoekin. Indarrean dauden legeak dira gure agintariek betetzen ez dituztenak. Hori al da jokabide demokratikoa? Urteak daramazkigu, kontu berarekin.
Berdin gertatzen da zaborrarekin, eta agintarien oniritziarekin, gure kaleak ‘perfumatzen’ dituzten pixarrekekin. Demokratikoa al da gure agintarien portaera?
Batzuk denuntziatzeari uzten ez diogun gertaera hauen aurrean, zein da Zero Zaborreko aktibisten jarrera?
Justizia al da, jasatea tokatu zaiguna? Gure agintariek delitua egin edo ez, salatzen ditugu portaera hauen aurrean?