Gure kaleetan zehar, bereziki Txotx denboraldian, sortzen zen zaratak eraman ninduen Kaxko elkartean parte hartzera, eta han konturatu nintzen zer-nolako arazoa geneukan Kaxkoko bizilagunok. Bizilagun askok urteak zeramazkiten gai honi buruz borrokan, baina agintariek mespretxatu egiten zieten.
Araudiak sakonki aztertu genituen, eta orduan, batzordeko eta Udaleko bileretara bi helbururekin joaten hasi ginen: gure egoera aldatzeko, eta horrela ezin genuela jarraitu onartzea lortzeko. Dokumentazio guztia eta garai haietako epaiak gure aldarrikapenaren aldekoak ziren.
Horrela, ohartu ginen Estatu espainiarreko udaletxe batzuk tabernei eskatzen zietela, musika gailuetan zarata-maila neurtzeko sistemak jartzeko; horrela, agintariei aukera ematen zien zarata-maila zuzenean egiaztatzeko, eta horren arabera, beharrezko neurriak hartzeko, baita indarrean zeuden araudien araberako zigorrak jartzeko ere.
Gailu horien informazioa lortu genuen, eta saltzaileekin jarri ginen harremanetan. Ondoren, herriko agintari gorenari dokumentazioa eman genion. Garai haietan agintari gorena zenak, gipuzkoarrak ordezkatzen ditu Parlamentu espainiarrean. Gure lanaren emaitza nonbait gorde edo lurperatu zuen; urteak pasa dira ordutik, eta orduan bezala jarraitzen dugu. Bere ordezkoek modu berean jokatu dute.
Bilera asko izan ditut garai honetan izan diren hiru alkateekin, eta inork ez du arazoa kirtenetik hartu. Kaxko elkarteak aldarrikatzen duena udal ordenantzatan, estatuko legetan eta araudi europarretan dago, eta eskubide negoziaezina da. Agintarien lehentasuna, aldiz, izan da «gutxi batzuen interes ekonomikoa defendatzea, askoren eskubideak errespetatu gabe». Hau al da justizia? Hau al da hauteskundeetara aurkezten diren ‘ezkerrekoen’ joera?
Duela egun batzuk Diario Vascok zion, Astigarragan, «Udalak musika maila erregulatu eta mugatzen duten erregistratzaileak jarri nahi ditu tabernetan». Eta Hernanin?
Noiz izango gara gai herritarrak kalera atera eta bizitzen ari garen gehiegikeri honen aurrean ‘nahikoa da’ esateko? Ez dugu itxaropena galdu behar, «eskubideak borroka eginez lortzen dira». Batzuek borrokatzen jarraituko dugu, eta joan behar den lekura joango gara errespetua lortu arte. Animo, eta aurrera!
Jesus Arregi Apaolaza