Ikusi makusi, zer ikusi? Haurren aurkako indarkeria patriarkalik ez

Erabiltzailearen aurpegia Ana Revuelta Andres... Bilgune Feministaren izenean 2016ko aza. 25a, 01:00

Ana Revuelta Andres, Maddalen Aduriz Rodriguez eta Olaia Auzmendi Sarasa,
Hernaniko Bilgune Feministaren izenean

Indarkeria patriarkalak dituen milaka aurpegien artean, umeen kontrakoa ezkutaturik gertatu eta geratu ohi denetako bat da.
Neskato-mutikoei txikitatik, sozializazio-prozesuan zehar, sexualitate, identitate eta eredu estereotipatu her­tsiak ezartzen zaizkie. Hau horrela, haurren eta nerabeen bizi-ibilbidea, hasieratik bortizkeria kultural eta sinbolikoek ezaugarritzen dute.
Sexu-gehiegikeriak, eguneroko errealitate dira gurean; esaterako, salatzen diren sexu-abusuak kontuan hartuta, 17 urtetik beherako lau neskatotik batek jasan ditu noizbait bere bizitzan, eta zazpi mutiletik batek.  Sexu-abusua jasan duten haurrek gehienetan bere erasotzailea ezagutzen dute: %70etan hurbileko senidea da. Salaketa gehienak ez dira epaitegietara iristen, eta heltzen direnak, trabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre.
Jendarte honetan nork(tzuk) du(te) boterearen hegemonia? Boterearen hegemonia heldua, gizona eta heterosexuala da. Eta horrenbestez indarkeriaren monopolioa dute. Era berean, indarkeria hori sufritzen dutenak, jendartean zaurgarritasun egoeran bizi diren era anitzetako subjektuak dira: emakumeak eta haurrak bereziki. Ildo berean, gizonek beraien gozamenerako eta onurarako nahieran inguratzen dituzten gorputz anitzak erabili ditzaketelaren errealitate gordina eraiki da.
Bestalde, ezin ahaztu umeek euren amaren kontrako indarkeriaren ondorioak pairatzen dituztela zuzenean, bortxa-egoeraren edo dinamikaren parte direlako. Adibidez aurten Gasteizen, gizon batek bere bikotekidearen alaba Alicia erail zuen, eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen indarkeria sexista gisa errekonozitu. 
Ikusi makusi, zer ikusten da? Erpin asko dituen indarkeriaz ari gara, egoera lazgarriez gainezka. Jendarte heldu gisa dugun arduraren jabe izan behar dugu; horiei aurre egiteko epaitegietako paper zimelduei bide ematea exijitzen diegu agintari politiko eta judizialei; txikitatik neskatoekin autodefentsa feminista lantzearen beharrizana mahai-gaineratzen dugu eta indarkeria egoera anitzetatik askatzeko, nahitaezkoa izango dugu hezkuntza eredu hezkidetzaile eta feminista baten aldeko jardunarekin jarraitzea.
Erasorik ez, erantzunik gabe! 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!