Egoitz Arbiol Albeniz, Izaro Auzmendi Sarasa, Maialen Auzmendi Sarasa, Leire Fernandez Garcia, Ashok Iturriza Jimenez, Jon Zumalabe Irastorza eta Ainhitze Kalonje Estibariz
KANIKA AISIALDI TALDEA
Abestiak dioen bezala, kriston Kanika taldea sortzeko asmoz eta ilusioz beterik abiatu genuen gure proiektua, 2015eko udan. Zazpi gazteren artean sortutakoa da, herrian eta herriarentzat aisialdi alternatibo bat sortzeko helburuarekin eta haien bidelagun izan nahi dugu prozesu honetan. Garai batean herrian haurrekin lan egindako Kanika aisialdi taldea gogoratuz, haren izena hartu zuen taldea sortu genuen, eta urtebete inguruko lan, bilera, buruhauste eta abarren ondoren, urriaren 15ean, azkenean, Kanikaren Sortze Festa egin genuen. Arratsalde ederraz gozatu genuen Ave Maria parkean, eguraldia lagun.
Bihotzez eskertu nahi diegu egun horretan eta aurretik hau guztia antolatzen eta gauzatzen lagundu diguten guztiei. Eskerrak eman nahi dizkizuegu ere, egun horretan gure festara hurbildu zineten guztioi. Herrian ilusio berezi bat sortu dugula sentitu dugu, eta horrek adorea eman digu aurrera jarraitzeko. Gabonetarako jarduera batzuk aurreikusi ditugu, eta urte berriarekin batera, guztiz indartuta emango diogu hasiera gure jardunari, sei urtetik gorako haur eta gazteekin ekimen desberdinak burutuz. Bien bitartean, gure taldea handitzeko lanean jarraituko dugu, eta aldi berean, deia egiten dizuegu gurekin lan egiteko interesa duzuen gazte hezitzaileei, azaroaren 26an egingo dugun topaketan parte har dezazuen. Topaketa horretan parte hartzeko, edo hurrengo jardueren berri izan nahi baduzue eta Kanika Festan izenik eman ez bazenuten, gurekin harremanetan jar zaitezkete kanika.aisia@gmail.com–era idatziz, eta zuzenean informatuko zaituztegu.
Besterik gabe, jaso dugun harrera beroa berriz ere eskertu nahi dizuegu guztiei, laster Hernaniko kaleetan elkar ikusiko dugulakoan.