Badira gai bat eta gertaera batzuk, gure herrian etengabe errepikatzen direnak: pintadak lurrean, fatxadetan, altzarietan... Horiek konpontzeak kostu bat dauka, kasu batzuetan Udalak ordaintzen duena, bildutako fondo komunetik, berez herriaren ongizate eta behar komunetarako dena; eta ez pertsona batzuen txikizioak konpontzeko, zein diren identifikatzeko saiakerarik egin gabe. Ez badituzte bilatzen, ez dituzte aurkituko, noski. Eta horrela, errepikatu egingo dute, eta baita harro sentitu ere; akaso, gudariago ere bai.
Gertaera horien aurrean, galdera asko sortzen zaizkit. Baina nik bakarrik erantzuten baditut, ez dugu aurrera egingo. Beraz, uste dut egokiena dela galdera horiek mahai gainean jartzea, bakoitzak hausnartu dezan, eta posizionatzen joan gaitezen:
-Desidia da edo ez da desidia, egileak zein diren ez ikertzea, txikizio horien kostua ordaintzea exijitzeko? Udaltzaingoa daukagu horretarako, eta baita Udala, alderdi desberdinek osatzen dutena. Gizartearen aurrean dauzkaten betebeharrei erantzuteko jasotzen dute dirua. Hala bada benetan, nabaritu dadila.
-Azaroaren 4an, udaletxeko bilera batean, gaizki ulertu ez banuen, zinegotziak esan zuen orain arteko postura izan dela errudunak ez zigortzea. Zuzena iruditzen zaizue txikizioak konpontzera mugatzea, errudunak bilatu eta ikertu gabe?
-Uste duzue horrela jokatuta, hobera egingo dugula eta arazoa konponduko dela?
-Nabaritu duzue azken urteotan hobera egin dugula, jokabide horrekin, Txotx garaiko garbiketa, txikizio, pintada, zarata eta abarri dagokienez?
-Ez duzue uste, politikariek arazoari aurre egin eta erantzukizunak asumitu beharrean, gehiegitan babesten dituztela gaizkileak, herritarroi ordainaraziz horren kostua?
-Gure herrian bada ordenantza bat, gai honen inguruko gure eskubide eta betebeharrak zehazten dituena, eta baita udal korporazioarenak ere, betetzetik oso urrun dagoena.
*Nota: gomendatzen diet, herritar ona izan eta Udalaren jarduna baloratzeko gaitasuna eduki nahi duten guztiei, udaletxetik pasa eta Ordenantza Zibikoaren kopia bat eskatzea.
Jesus Arregi Apaolaza