Gaur, hernaniar bat epaituko dute estatu frantsesean: Ugaitz Errazkin. Epaiketa testuinguru politiko kezkagarrian dator. Gatazka politikoaren konponbidea eta Euskal Herriaren bake justua lortzeko alde bat ahalegin handiak egiten ari da. Beste aldea, aldiz, gatazka eta sufrimendua luzatzeko etengabeko sabotaje zuzenak egiten eta oztopoak jartzen ari da. Horretarako, armagabetzea bururaino eraman nahi duten ETAko kideak ere atxilotuz.
2011ko urrian, Aieteko Nazioarteko Konferentzia eta hiru egunera, ETA erakundeak konponbiderako urratsak emateko prestutasuna, konpromisoa eta desioa agertu zituen. Helburu horrekin, aldebakarreko ekarpen kualitatiboa egin zion aro politiko berriari, behin betiko armak alde batera utziz.
Zentzu berean, eta Euskal Herriko Foro Sozialaren gomendioei erantzunez, Ugaitz Errazkin gure herri kidea parte den Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hausnarketa egin eta konponbide prozesuari ekarpena egiteko bere posizioa finkatu zuen 2013ko abenduan adierazpen bat kaleratuz.
Baina, konponbidearen aurkako erasoz josi dute gure agenda: errepresioa, indarkeria, atxiloketak... Epaiketa ere testuinguru politiko honetan kokatzen dugu. Espetxeak husten joateko garaia denean, espetxeratzeak edo espetxe aldi luzapenak ematen dira. Sakabanaketarekin amaitzeko eskaria Euskal Herriko ideologi desberdinetako herritarren ahotan dagoenean, urruntzeak areagotu egiten dira, mendekuz beteriko espetxe politika kriminala erabiliz.
Hernaniar guztiok bakean eta aske izateko unea iritsi arte ez dugu esperantzarik galduko eta lanean jarraituko dugu. Gatazkaren jatorria politikoa da, beraz, konponbide politikoa eskatzen du eta horrelako epaiketek ez dute lekurik norabide horretan.
Une hauetan, Ugaitzi eta haren senideei babesa eta elkartasuna adierazteko eta konponbidearen norabidean horrelako eraso gehiago ez dugula nahi adieraziz, gaur 19:30etan Plaza Berrin antolatu dugun batzar informatiboan eta ondorengo kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu hernaniar guztiei.