Bagagiltza #Sinatukodut

Erabiltzailearen aurpegia ​ Luis Gorrotxategi Zigaran (Bagagiltzako kidea) 2016ko aza. 9a, 01:00


Datorren larunbat arratsaldean, Atsegindegin 16:30etan, os­pa­tuko den UDABERRI FESTAn, BAGAGILTZA herri plataformak hasiera emango dio hurrengo udaberrian, Euskal Herriaren etorkizun politikoari buruz, egingo duen herri galdeketaren aldeko sinadura bilketari.
Herritar bezala sinatuko dut, erabakitzeko eskubidea izanik eskubide hori gauzatu nahi dudalako.
Hernaniar bezala sinatuko dut, Euskal Herriko hainbat udalerritan legez, Hernanin ere herritarrok herritarrontzat an­to­latutako herri galdeketa de­mokratiko bat burutzea babesten baitut.
Demokrata bezala sinatuko dut, horrela baitagokit, ezin baitiot, ez baitut nahi, bizkar eman norbanako eta komunitatearen arteko uztardura sakonari.
Euskal herritar bezala sinatuko dut –guztion etorkizuna denon arteko eraikitze lanaren bitartez- ea lortzen dugun dakarkiguna eta datorkigunaren arteko besarkada.
Herritar unibertsal bezala sinatuko dut, nire elkartasuna adierazi nahi baitiet kebekiarrei, eskoziarrei eta kataluniarrei. Hiru herrialde, bakoitza bere bidetik, iparrorratz nagusi bat: erabakitzeko eskubidea. Ziur aski, atzetik datozenek kontutan hartuko dituzte gure urratsak guk geuk aurrekoekin egin dugunaren antzera.
GURE ESKU DAGO eta BAGAGILTZAko kide bezala sinatuko dut, hauetan partekatu baitut: lankidetasunaren berebiziko potentzialitatea, demokrazia egiten ahalegintzeak sortzen dituen zailtasunak eta, zorionez, berdinak izateak ez gaituelako derrigortzen identikoak izatera. 
Demokraziaren gako izatetik haratago, aniztasuna bizi­tzaren funtsa dela deritzot.
Aniztasunaren eskasia eta ozono geruzaren mehea, biak kalterako. Barka metaforaren atrebentzia.
Biziraupen duina helburu duen etengabeko ikastaro luze ho­netan, aurpegietan irrifar ar­gi­tsua kanporatuz, inori agindu be­harrik ez; obedientzirako pa­­­si­­orik gabe, denon etorkizunaren zutabe… herritargo burujabe.

Luis Gorrotxategi Zigaran (Bagagiltzako kidea) 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!