Gabon. Urriaren 31 da gaur, gaueko 22:00ak pasatsu dira eta Hernaniko Kaxko auzoan gertatzen ari denak ez du izenik: bereziki Andrekale 3 eta 14 zenbakien artean. 20 urte inguruko neska-mutilen 'kedada' bat dela nabaria da: Hernaniko kaleak hartu dituzte barrua husteko, inongo errespeturik gabe: oihuak, botilatxoak, edalontziak... batzuk lurrean puskatuta utzi dituzte, portaletako ateetan pixa egin dute....
‘Ganberrada’ hau ez da soilik txotx denboraldian gertatzen den zerbait. Dibertsioaren eta deskantsuaren arteko oreka ez da betetzen, eta ez gara nekatuko esateaz, oreka hori hausten dugunak ez garela etxean gaudenak eta deskantsatu nahi dugunak. Deskantsurako dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Hernanin duten permisibitatea eta araurik gabeko herria izatearen famaren ondorioz, 'kedadak' Hernanin izaten dira. Guk, bizilagunok nahi genukeena baino gehiagotan izaten dira gainera; ordena mantentzeko ardura dutenen pasibotasunarekin... Bizilagunok Alkateari exijitzen diogu, bera baita azken arduraduna herriko ordenaz ari garenean, beharrezkoak diren neurriak hartzeko, hau berriz gertatu ez dadin. Badauka horretara bideratutako pertsonala, eta baita hainbat medio, erabili ditzakeenak, eginbeharra betetzeko. Bestela, akaso, salaketa bati egin beharko diozu aurre, behin eta berriz eginbeharrak uzteagatik.
Hemen elkarbizitza eta kaleen erabilera eta garbiketa arau.tzen dituen Hernaniko ordenantza munizipala:
1go kapitulua. Xedapen orokorrak
7garren Artikulua. Drogen eta edari alkoholikoen kontsumoa
B) Ostalaritzako establezimenduek ezingo dituzte edari alkoholikoak saldu edo eman, kanpoan kontsumitzeko badira; terrazak edo baimena duten instalazioak salbu.
C) Edari alkoholikoak eman, saldu eta kontsumitzea debekatua dago 18 urtetik beherakoentzat, bai salmenta guneetan eta baita kontsumo lekuetan ere.
10garren Artikulua
Debekatua dago kalea zikindu dezakeen edozein operazio egitea, eta bereziki, debekatua dago:
-Edalontziak, botilak eta freskagarrien ontziak kalean uztea. Botilak, botilatxoak, edalontziak eta freskagarrien ontziak kalera botatzea.
Alkate jauna, ez baduzu informazio iturri hoberik, kaleak garbitzen dituztenei galdetu gure gonbidatuak joaten direnean, kaleak izaten duten egoera negargarriaren inguruan. Zu zara ordena mantentzearen ardura duena, bai edo bai.
Ion Azpiazu Goñi
Andrekale 2ko bizilagun komunitateko presidentea