Duela 80 urte gure herria erabateko errepresioak hartu zuen: tropa frankisten hedatzeak joera ideologiko askotariko herritarrak menpean hartu ez ezik, atxilotu, torturatu, kartzelatu eta, ondoren, horietako asko hil zituzten. Haietako batzuen izenak memoria lantzen duten elkarteen lanari esker ezagutzen ditugu baina beste batzuren aztarna ez da oraindik argitu.
Urte hauetan guztietan, orduko haiek eta haien senitartekoak, ahazmenik gordinenean eta inongo errekonozimendu gabe, beren baitan eraman dute min eta oinaze hura, isilean, kasu askotan, erakundeen aitortzarik gabe.
Gaur, ordea, memoria ariketa bat egiteko gonbidapena egin du Hernaniko Udalak antolatu dituen ekitaldien bidez. Izan ere, herritar haiek jasan zuten bidegabekeriak ondorio lazgarriak izan zituen, gaurdaino iraun duen ukazioa nabarmenena izanik.
Hau horrela, herri honen alde borroka egin zuten herritarrak gogoratuz, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da Memoria hizki larriz idatzi eta berriz gerta ez dadin lan egitea. Horregatik, gure herriaren historian sakontzeko eta etorkizuna justiziaz eraiki ahal izateko, Sortuk ekitaldi hauetan parte hartzeko deia zabaldu nahi du.