Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutikek deituta, gaur Hernanin pauso berri bat emango dugu Zubietan eraiki nahi duten erraustegiari bidea ixteko. Eguerdiko 12etan Plaza Berritik abiatuta, ibilaldi labur eta festa girokoa egingo dugu Floridan barrena erraustegia eraiki nahian ari diren indar faktiko batzuen atarietaraino, FCC eta GHKren egoitzetaraino lema honekin: «gutxi batzuen negozioa, denon minbizia eta ruina». Martxa alaia izango da eta etorriko direnei antolatzaileek eskatzen diete zarata ateratzeko moduko trasteak ekartzeko, burruntzali, padera, eltze zahar, txilibitu, tronpeta edo nahi dena.
Ondoren, 14:00etan herri bazkaria Ezkiaga pasealekuan eta bertan Erraustegiaren zorraren festa, bertso, poesia, kontzertu, umeentzako jolas eta abarrekin. Gipuzkoa Zutikeko gazteek antolatu dute «osasunaren kontura aberasteko prest» dauden enpresak salatu eta Zubietan alferrikako erraustegi pozoitsu eta garestia ezarri nahi digun “Gipuzkoako erregimena errefuxara” aldarrikatzeko. Bide batez, bazkari-festarekin diru pixka bat jaso nahi dute: Donostian Gipuzkoako plazan erraustegiaren kontra akanpatuta egoteagatik Eusko Jaurlaritzak jarritako isunak pagatzeko.
Hernaniko Udalari, guk hondakinak ondo kudeatzen ditugun arren, erraustegiaren kontura urtean ia 800.000 euro (132 milioi pezeta urtean!) euro kendu nahi dizkio GHKk… 2051 arte. Egin dezagun protesta alai, baketsu eta sendoa lapurreta honen kontra. Hernaniar guztiok gaude gonbidatuta. Animo, ondo ari gara eta!
Irantzu Jauregi Artola
Hernanin Zero Zabor