Elgetan egin berri diren jardunaldi memorialistikoetan, Otxandioko alkate Miren Urigoitiak 1936/37an bonbardatuak izan ziren herrietako udalen arteko topaketa bat iragarri du hilaren 28rako, bonbardaketa haien arduradunen aurka kereila bat sortzeko asmoari buruz hausnartu eta aukerak aztertzeko. Jardunaldietan parte hartu zuten, besteak beste, Bartzelonako alkateorde Jaume Asens (Bartzelonak jasandako bonbardaketengatik Italiar Estatuaren aurkako salaketak sustatu zituena) eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kide Josu Ibargutxi.
Hernani 1936ko abuztuan eta irailean bonbardatu zuten indar faxistek. Abuztu erdialdera, Cervera eta España gerraontzietatik jaurtitako bonbek lau hildako eta 50 zauritu eragin zituzten Donostian. Hernaniko biztanleria zibilaren kontrako eraso larrienak hegazkinetatik egin ziren (jaurtitako bonba bat Tilosetan erori zen). Irailaren 9an, hegazkin faxistek goiz eta arratsaldez bonbardatu zuten herria. Gipuzkoako Defentsako Juntaren Frente Popular egunkariak zioenez, goizeko erasoan zazpi bizilagun larri zaurituak suertatu ziren. Goiz berean, Lasarten botatako bonbek CNTko militante bat hil zuten eta beste bizilagun bat larri zauritu. Arratsaldeko erasoetan, berriz, hiru hernaniar hil zituzten (Juan Fernández, Tomás Mendizabal eta Bautista Unanue) eta beste hiru arin zauritu.
Irailaren 12an sartu ziren faxistak Hernanin. Handik aurrera, errepresio izugarria: atxiloketak, espetxeratzeak, fusilamenduak... Berrehun fusilatu baino gehiago lurperatu ziren herriko hilerrian 1936ko udazken hartan, baina haien hezurrek agertu gabe jarraitzen dute. Noren aginduz lapurtu ziren? Noiz? Eta nora eramateko?
Noiz arte jarraitu behar du Espainiar Estatuak frankismoaren krimenen inpunitatea bermatzen?
Patxi Xabier Ibartzabal Esnaola eta Fernando José Esnaola