Baimenik gabeko obra bat gelditzeko EH Bilduren eskaerarengatik, EAJren erasoen jomuga izan naiz. EAJ, H1!ekoen estilora. Lehengo lepotik burua. Oraingoan kalifikazio berria estreinatu dut: duintasunik gabeko alkate-ohia. Gorputzak beste zerbait eskatzen didan arren, ez dut nire “duintasun apur” hori galduko eurak bezala jokatuz.
Hala ere, gertaerak argitu nahiko nituzke. Tokiko famatuan, alkateordea, EH Bilduko 2 ordezkari eta PSEko ordezkaria ginen. Baina erasoa zuzenean niri. Zergatik ote?
Obra baimena presaz aztertzea ekidin omen nuen. Nola ekidingo nuen bozkatu ere ez genuenean? PSE eta EH Bildu itsu-itsuan ezer onartzeko prest ez ginelako eta derrigorrezko balidazio juridikoaren txostenik ez zegoelako ez zen onartu baimena, hau da, legalki ezinezkoa zen baimena orduan onartzea. Baina badirudi prozedura legalak EAJri bost axola zaizkiola.
Ez da ordea EAJren ale pozoidun bakarra. Hirigintzan, baimenaren alde bozkatu ez genuela diote. Egia. Baina abstenitu egin ginela ezkutatzea bai dela “joko zikina”. Eta zergatik abstenitu? Oraingoan, udalak herriarentzako beharko luketen etxeak eskuratzeari uko egin diolako. Oraingoan, etxe guztiak promotorearentzat. Negozio galanta! EH Bildukoak 8 etxebizitza doan lortzeagatik oso harro gauden bitartean, EAJkoak, guztiak promotorearen eskutan uzteagatik. Atera kontuak.
Azkenik, EAJren “amiguismoa”. Erlazio onek leuntzen omen dute baimenik gabeko obren larritasuna. Zer esan nahi digu EAJk? Bere konfiantzazkoei prozedurak ez betetzea ahalbidetuko diela?
Laburbilduz, EAJrentzat larriagoa da baimenik gabeko obra bat salatzea, baimenik gabeko obra bera baino. Hau bai dela alarma soziala pizteko kontua. Gezurrak, arduragabekeriak, utzikeria… EAJk berak erakutsi digu ez duela sinesgarritasunik gobernatzen jarraitzeko. Hala ere, oztopoak-oztopo eta duintasun osoz, EH Bilduk, ni barne, Astigarraren alde lanean jarraituko du.
Andoni Gartzia Arruabarrena
Astigarragako EH Bilduko zinegotzia