BagaGiltzaren oharra herri galdeketa egiteko prozesuaren hasieraz

Erabiltzailearen aurpegia Mariaje Simon Kortadi Juantxo Morcillo Lanberri Amaia U 2016ko urr. 19a, 02:00


BagaGiltza herri plataformak azaroaren 12an (larunbata) ekingo dio Hernanin eta Astigarra­gan herri galdeketa egiteko prozesu partehartzaileari. Lehenago hasi nahi genuen baina hauteskunde autonomikoen aurrerapenak eta beste ekitaldi batzuek (Kilometroak, Nafarroa Oi­nez) prozesua atzeratzera be­hartu gaituzte. Herri galdeketaren gaia Euskal Herria­ren etorkizun politikoa izango da eta beste hainbat herrirekin batera egingo dugu 2017ko udaberrian.
GURE ESKU DAGO dinamikaren bultzadari jarraituz, euskal herritarron erabakitzeko eskubidea gauzatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Gure ustez, hori da nahi dugun etorkizuna eraiki­tzeko eta herritarroi eragiten diguten arazoak konpontzeko modurik demokratiko eta bake­tsuena.
Prozesu partehartzaile hau gure bi herrietan dagoen aniztasuna islatuko duen ariketa izatea nahiko ge­nuke, hernaniar eta astigartar guztioi irekia, bakoitzaren ideologia, hitzkuntza, jatorria edo eta si­nesmena edozein delarik ere. Hala agintzen du demokrazia partehartzailearen filosofiak, gure batzar eratzailean aldarrikatu genuen bezala.
Horrenbestez, aholkulari juridikoen laguntzarekin, he­rri galdeketak egiteko na­zio­artean ezinbestekotzat jo­tzen diren berme demokratikoak zorrotz beteko ditugu. Prozesuaren lehenengo urratsa sinadurak biltzea izango da. Hiru helburu dauzka urrats horrek: 1) herri galdeketaren berri ematea, 2) ekimenak ahalik eta babesik handiena izan dezala, eta 3) bere zilegitasuna sendotzea. Era berean, sinadura bilketa babestuko duen argazki batean parte hartzera deituko ditugu herniniarrak laister.
Herri ekimen honetan partehartzea ahalik eta anitzena izan dadin gogo eta grin handiz lan egingo dugu. Izan ere, herri galdeketa desberdinen arteko elkargunea eta hernaniarron zein astigartarron borondatearen bozgorailu izatea nahiko genuke. Esperientzia de­mo­kratiko berri honetan inor ez dago soberan eta denok ikasiko dugu.
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!