Bilduk helburu politikoa dauka, berriro: hondakinen erraustegia (birziklatu edo berrerabili ezin diren hiri edo industria hondakinena. Ez dezagun ahaztu).
Berriro ere saldu nahi dute gure osasunarentzako kaltegarria dela, eta zentzu honetan irakurri dudan azkena da jaun batek esandakoa, Europako Gobernuko aholkularia bera, azken 30 urteetan egiten ari den ikerketa bati lotua. Azaldu nahi dut Europar Batasunak, aholkulari hau eta beste batzuk entzun ondoren, hondakinen errausketa babestea erabaki duela, hondakinen tratamenduaren ixte sistema gisa.
Neri, logikatik, hainbat galdera sortu zaizkit: Zer ikusi daukate oraingo telebista, mugikor, kotxe, hegazkin edo erraustegiek (teknologiak, emisioek...) duela 30 urtekoekin? Zergatik uste dute errauskailuaren kontrakoek, beraiek direla ingurumena errespetatzearen alde egiten duten bakarrak? Benetan uste al dute instalazio hau beharrezkoa dela sinesten dugunok gure seme-alabak hil nahi ditugula, edo hiriguneetan errauskailuak dauzkaten hiri bakan batzuk aipatzearren, Paris, Viena, Londres edo Monacoko printzerriko bizilagunek (munduan diru gehien duten familietako batzuk elkartzen dira bertan) errauskailuak jarri zituztela beren buruaz beste egin edo seme-alabak hiltzeko?
Eta azken galdera bat, logika historikotik: errauskailuaren ospea zikintzeko kanpaina hau martxan jartzeko eskubiderik ba al daukate, atmosferara dioxina, furano eta metal pisutsu gehien isuri dituzten horiek (autobus, kotxe, kutxazain eta edukiontziak erreta; hain zuzen edukiontzi horiekin lortzen da, gutxienez, ‘atez atekoaren’ emaitza berdina, modu merkeagoan eta gipuzkoarren onarpenarekin), instalazio hauek direnean emisio araudi zorrotzena daukatenak?
Beste behin, Bilduk demagogia eta beldurraren inperioa darabiltza, gure herria kikiltzeko.
Andoni Amonarraiz Gómez, Hernaniko
EAJ-PNVko bozeramailea