Zinemaz betetako asteari amaiera emateko ordua iritsi da Donostian

Erabiltzailearen aurpegia AMAIA GARCIA GONZALEZ 2016ko ira. 24a, 02:00

-AMAIA GARCIA GONZALEZ-

Astebete pasa da Donostiako Zinemaldiko 64. edizioa hasi zenetik eta gaur ezagutuko dira irabazleak. Jacques Cousteau esploratzaile ospe­tsuaren inguruko L’Odysée pelikula frantsesarekin amaituko da 64. Donostiako Zinemaldia. Aurtengo Sail Ofizialak inoiz baino pelikula gehiago izan ditu eta oso zaila izan da dena ikustea. Sail Ofizialaz gain Perlas, Zinemira, Horizontes Latinos eta Zu­zen­dari Berrietako pelikulak ikusteko aukera izan dut. Irailaren 16an Pablo Larrainen Neruda filmarekin hasi nuen zinemaldia. Larrainek Neruda poetaren bizitzaren pasarte bat kontatzen du modu oso poetikoan. Hurrengo egunean zinema maratoia hasi zen, egunean 4-5 pelikula ikusteko aukera izan dut eta.
Aurten espainiar zinemaren kalitatea oso ona izan da. Atzo zinema komertzialetan estreinatu zen El hombre de las mil caras larunbatean ikusteko aukera izan zen Zinemaldian. Francisco Paesaren istorioaren pelikulak harriturik utzi zituen kritika eta publikoa. Eduard Fernandez aktorea maisuki sartzen da Paesaren azalean. Filmak erritmo oso bizia du eta oso ondo kontatzen du Paesak nola ezkutatu zuen Luis Roldan.
Rodrigo Sorogoyenek thriller oso interesgarri bat aurkezten digu Que dios nos perdone pelikulan. Sorogoyenen lehen pelikula Stockholm izan zen, pelikula txikia izan zen hura, baina horri esker lortu ditu pelikula honetako produkzio kideak. Antonio de la Torre eta Roberto del Alamo dira filmeko aktore nagusiak. De La Torre polizia ikertzaile hitz-motel baten istorioa antzezten du. Prentsaurrekoan esan zuen hitz-motelen elkarte batekin egon zela lanean errodatu baino lehenago. Zaila da esatea zeinek irabaziko duen gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, baina El hombre de las mil caras eta Que dios nos perdone pelikuletako aktoreen artean egon daitekeela esaten da Kursaaleko korridoreetan.

«Zaila da esatea zeinek irabaziko duen gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, baina El hombre de las mil caras eta Que dios nos perdone pelikuletako aktoreen artean egon daitekeela esaten da Kursaaleko korridoreetan.

Espainiarrak dira, baita ere, Sail Ofizialean aurkeztu diren Jonás Truebaren La Recon­quis­ta eta Jo Solen Vivir y otras ficciones. Ostegunean aurkeztu zen Jonás Truebaren azken lana. Bertan Rafael Berrio mu­sikagile donostiarraren doinuak nagusi dira. Nerabe­zaroko amodio baten oroitzapenek gau berezi bat bizitzera eramango dituzte Olmo eta Manuela. Vivir y otras ficciones filmak, aldiz, Antonio aurkeztu digu, mugikortasun urriko pertsonen sexu eskubideak aldarrikatzen dituen pertsona. Askotan pentsatzen ez dugun gai bat atera nahi du arlo publikora pelikula honek, zer nolako sexua dute mugikortasun urriko pertsonek? Antoniok bere eskubidea aldarrikatzen du eta baita ere bere lagunena.

Biolentziaren urtea?
Biolentzia beti izan da pelikula askotako osagai garrantzitsuena, baina aurten sentsazioa dut, inoiz baino gehiago, biolentziaz beteriko pelikulak ikusi ditudala. Asteartean pelikula batek polemika eragin zuen Zinemaldian bere biolentziaren ondorioz. Bartosz M. Kowalskik Playground pelikula aurkeztu zuen Sail Ofizialean. Pelikularen azken minutuetan jende dexente atera zen Kursaaleko areto nagusitik. Nire iritziz, eszena gogorra zen, baina eszena gogorragoak ikusi ditut Zinemaldian zehar. Joan zirenen artean, batzuk pelikularen inguruko komentario negatiboak esan zituzten aretoa uzten zuten bitartean, geratu ginenekiko errespetua ahazten.
Beste mota bateko biolen­tziaz betea dago Lady Macbeth pelikula. Katherin 1865eko Ingalaterrako landa-eremuan bizi da bera maite ez duen senarrarekin. Senarraren familia eta langileen begiradak jasan behar ditu, baina bere bizitzari buelta emango dio mendekuaren bitartez. As you are pelikulan biolentzia osagai nagusi bat da, baina pelikularen alderdi garrantzi­tsuena Mark eta Jacken erlazioa da. Bi mutiko hauek haien gurasoengatik ezagutzen dira, lagun onenetan bihurtzen dira eta maitasuna bizi dute. Poliziari egindako testigantzetan oinarritua dago filma eta pertsonaien ikuspuntuetatik ikusten dugu istorioa. 90eko hamarkadan girotua dago, baina gaur egungo gaiak jorratzen ditu filmak: homofobia eta Estatu Batuetako armekiko kontrol eza. Sail Ofizia­lean gehien gustatu zaidan pelikula dela aitortu behar dut.
I, Daniel Blake filmak burokraziaren biolentzia dakar pantailara. Ken Loachen azkeneko pelikulak Canneseko Urrezko palmorria irabazi zuen eta Donostian Publikoa­ren Saria irabazteko aukera asko ditu 9’06ko puntuazioa lortu ostean. I, Daniel Blakek Erresuma Batuko gizarte segurantzaren burokraziari kritika egiten dio modu oso gogorrean. Danielek ezin du lan egin bihotzeko arazoen ondorioz, baina gizarte segurantzak ez dio diru laguntzarik ematen. Bitartean Katie ezagutuko du, langabeziaren diru laguntza jasotzeko arazoak eta bi haur dituen emakumea. Pelikula hau bihotzera iristen da eta sistemarekiko haserrea eragiten du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!