Luzeak ari zaizkit egiten arratsaldeak. Lanetik atera aurretik, ondoren zer egingo dudan pentsatzen jartzen naiz... non geratu dira lehen egin ezin nituen planak? Esperotako parranda preziatua egin genuen joan den igandean, eta biharamuna ere igaro genuen, hala nola; eta orain, zer? Atsedena, gorputzari atsedena emateko garaia heldu zaigu Maialen traineruko arraunlariei. Gorputzari, eta buruari.
Ez dira gutxi izan Elorrabiko gimnasioan sartutako orduak, ergometroan egindako serieak, pesekin sufritutako errepikapenak, Core zirkuituarekin eta TRXekin emandako bueltak, ilunpean eta euripean egindako korrika saioak, Pasaiara egindako joan-etorriak… pozak, haserreak, irrifarrak, malkoak... eta hori guztia, zertarako? Estropadetan gozatzeko, traineru berdean sartzeko, eta herriaren izenean palada bat bestearen atzetik emateko, patroiak bukaera iritsi dela esan arte.
Kontxan sartzeak eman digu benetako bultzada aurtengo denboraldian. Perretxikoen gisan hazi dira arraunzaleak Hernanin, eta kamiseta berdeak egun gutxitan agortu ziren. Ikaragarria izan zen, benetan, Kontxako arranpara iristea ostegunean, sailkatu ginela jakinda, eta Axeri Dantzaren doinuan jasotzea harrera. Hurrengo bi igandeetan ere, aspaldian ikusten ez zen berde koloreak presentzia izan zuen Donostian... eskerrik asko. Herriari poz txiki bat eman diogulakoan gaude, harro gaude, eta oraindik poz gehiago ekartzeko gogoz!
Kameren aurrean gu agertu gara maiz, baina badakigu atzeko lana egiten dutenengatik ez balitz, ez ginatekeela hemen egongo. Mila mila esker Aitor, Batis, Bibi, Javi, Patxi eta Zapi! Eta eskerrik asko bi denboraldi hauetan eskainitako denbora guztiarengatik, Juanjo, Koteli eta Iñigo!
Aupa Hernani eta Aupa Maialen! Aurrera goaz!
Estitxu Zabala Odriozola